Hainbat azpeitiar dantzari izango da Euskal Herriko Dantza Txapelketan, Seguran

Uztarria.eus 2013ko urr. 17a, 13:47

Zapatuan izango da txapelketa, Segurako Baratze pilotalekuan, 18:00etan hasita. Euskal Herriko bederatzi bikotek hartuko dute parte lehian, eta 18 dantzaritatik bost azpeitiarrak izango dira.

Zapatuan, hilak 19, 37. Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko da Segurako Baratze pilotalekuan, 18:00etan hasita. Euskal Herriko bederatzi bikote onenek hartuko dute parte txapelketan, eta horietatik bi bikote azpeitiarrek osatutakoak izango dira: Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga eta Amets Amubieta eta Maialen Aldalur. Horiez gain, azken bi urteetako txapelketak irabazi dituzten Jon Ibarguren azpeitiarra eta Idoia Besada pasaiarra ere bertan izango dira.

Hainbat sari banatuko dute txapelketan. Bikote irabazleak, besteak beste, Nestor Basterretxearen garaikurra eta txapela zein lepokoa eta 700 euro jasoko ditu. Txapeldunordeek 500 euro eta oroigarria irabaziko dituzte, eta hirugarrenak 400 euro eta oroigarria. Jantzi onenaren saria, Guillermo Areizaga sari berezia, eta Foru Aldundiaren saria ere banatuko dituzte.