Jon Ibarguren: "Indar askorekin dantzatu dugu"

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 13a, 12:10
Euskal Herriko 35. Dantza Txapelketa irabazita, ametsa bete zuen igandean Jon Ibargurenek

Euskal Herriko 35. Dantza Txapelketa irabazita, herrira ekarri du garaikurra

Garaikurra bertan mantentzeko egingo du lan orain

Euskal Herriko 35. Dantza Txapelketa irabazita , ametsa bete zuen igandean Jon Ibargurenek (Azpeitia, 1991). Idoia Besada pasaitarra lagun hartuta bigarren urtez jarraian aurkeztu da, eta berarekin darabil orain Nestor Basterretxea eskulturgileak txapelketarako egindako garaikurra. Azpeitiko udaletxean jarriko dute urtebetez, eta hiru urtez jarraian txapelketa irabaziz gero, bertan geldituko da betiko garaikurra. Aurreneko aldia izango litzateke azpeitiarrentzat, eta hori da Ibargurenen hurrengo erronka.

Aurtengoan sari mordoarekin itzuli zarete txapelketatik. Oroigarri kuttunik ba al duzu?

Nestor Basterretxearen garaikurra da bat, eta txapela, bestea. Izan ere, azken hau nirekin geldituko da betiko.

Ez zenuten espero irabazterik.

Ez, ez geunden faboritoen artean eta saio txukuna egitera atera ginen. Gure lana amaitu genuenean jendeak esan zigun asko gustatu zitzaiola gure saioa, eta irabazteak sekulako ilusioa egin zigun; oso gustura gaude. Oraindik ezin sinestuta nago, gainera.

Zergatik?

Txapelketetan ibiltzen garenontzat hau delako inportanteena. Izen handia du eta normalean maila ona egoten da.

Nola definituko zenuke Besadak eta biok dantzarako duzuen estiloa?

Oso teknikoa da, eta ez dugu aldaera askorik sartzen. Orain 20 urte dantzatzen zen eran egiten dugu guk ere. Betiko pausoak dira, baina oso ondo eginak eta modu dotorean. Horretaz gain, elkar oso ondo ulertzen dugu. Igandean indar askorekin egin genuen dantza, gainera; bai fandangoa, bai arin-arina.

Euskal Herriko Txapelketa da garrantzitsuena euskal dantzen arteko lehietan. Hemendik aurrera zein izango da zure helburua?

Nestorren garaikurra herrira ekarri nahiko nuke behin-betiko. Horretarako, ordea, hiru urtez jarraian irabazi beharko genuke txapelketa, edo bestela bost urtetan hiru aldiz. Erronka handia da.

Euskal dantzez gain,probatu izan duzu beste modalitaterik ere.Zein duzu gustukoen?

Dantzak nire bizitzako zati handia hartzen du eta ez naiz horretatik biziko, baina ezingo nuke bizi dantzatu gabe. Probatu ditut ballet-a txikitan, dantza garaikide pixka bat ere egin dut orain gutxi, baina euskal dantzekin gelditzen naiz ni, dudarik gabe.

Azpeitiarra zara, baina Bilbon ikasten duzu. Dantzako bikotea pasaitarra da, eta dantza entseguak egitera Lezora joaten zara, Lurdes Esnaola irakaslearengana. Gogorra izango da, ezta?

Denboraldia hasi aurretik lasaiago ibiltzen naiz, gero ordu gehiago eskaini behar izaten zaizkio, eta txapelketaren aurreko asteetan astean hiruzpalau aldiz joan izan naiz entrenatzera. Txapelketa hiru minutu dira, baina atzetik lan handia dago.

Entrenamenduez gain elikadura zaindu eta kirola egiten duzue dantzariok. Lesio aldetik, zer moduz moldatzen zarete?

Hanka okertzea izaten da ohikoena, baina zortea izan dut oraingoz. Asko entrenatzen denean hankak asko kargatzen dira, ordea, eta masajistarengana joan ohi gara. Txapelketa aurreko egunetan, biok hartu genuen masajea hanketan.