Jon Ibarguren eta Idoia Besadak Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazi dute, bigarrenez

Uztarria.eus 2012ko urr. 15a, 12:38

Atzo, igandea, jokatu zen txapelketa Seguran eta hamabi bikotek hartu zuten parte. Bigarren sailkatu ziren Amets Amubieta eta Maialen Aldalur azpeitiarrak.

Atzo, igandea, Jon Ibarguren azpeitiarrak eta Idoia Besada pasaiarrak irabazi zuten bigarren urtez jarraian Euskal Herriko 36. Dantza Txapelketa, Seguran. Bi ordu inguruko jaialdia izan zen eta hamabi bikotek hartu zuten parte. 122 puntu eskuratuta irabazi zituzten Nestor Basterretxea eskultorearen garaikurra eta txapela Ibargurenek eta Besadak. Jantzi onenaren saria ere beraiek eskuratu zuten.

Bigarren sailkatuak ere azpeitiarrak izan ziren: Amets Amubieta eta Maialen Aldalur, hain zuzen. Azpeitiar bikoteak txapelketan parte hartzen zuen aurreneko aldia zen eta 116 puntu batu zituen. Aurreneko aldiz parte hartu zuten bikoteen artean txapelduna izan zen Amubieta eta Aldalurrek osatutako bikotea. Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga seigarren sailkatu ziren, 100,50 puntu lortuta.

Jon Ibargurenek eta Idoia Besadak datorren urtean ere txapeldun izatea lortzen badute, Basterretxearen eskultura Azpeitiko Udalarentzat izango da.