Oscar Bailek irabazi du IV. Gau-Txori argazki rallya

Uztarria.eus 2013ko mar. 11a, 19:51

Carlos de Cos izan da bigarrena eta Luis Javier Gonzalez hirugarrena. Lehen azpeitiarraren saria sailkapen orokorrean bosgarren izan den Julen Juaristik jasoko du. Sari banaketa eta lehiaketara aurkeztutako lanen proiekzioa Sanagustinen egingo dituzte zapatuan, 18:30ean.

Azpeitiko Argazki Elkarteak gaur, astelehena, jakinarazi du otsailaren 23an egindako IV. Gau-Txori argazki rallyaren sailkapena. Irabazlea Oscar Baile izan da; Azpeitira bizitzera etorritako errenteriarra da Baile, eta aurreneko argazki rallya zuen Gau-Txori, antolatzaileek azaldu dutenez. Harentzat izango dira, beraz, aurreikusitako 150 euroak eta garaikurra. Bigarren saria -100 euro eta garaikurra- Soraluzeko Carlos de Cosek jasoko du; eta hirugarrena -75 euro eta garaikurra- Barakaldoko Luis Javier Gonzalezek. Lehen azpeitiarrari dagokion garaikurra, berriz, sailkapen orokorrean bosgarren izan den Julen Juaristik jasoko du.

Sari banaketa eta lehiaketara aurkeztutako lanen proiekzioa Sanagustinen egingo dituzte zapatuan, martxoaren 16an, 18:30ean. Ekitaldi berean, Azpeitiko Argazki Elkartekoek argazki rallyen nondik norakoen azalpenak ere emango dituztela aurreratu dute.

34 lagunek hartu zuten parte IV. Gau-Txori argazki rallyan. Gainera, Azpeitiko rally hori aurten lehen aldiz antolatu duten Herriz herri sariketarako lehen proba puntuagarria ere izan da.

Zapatuan bi hitzordu

Gau-Txori rallyaren sari banaketa eta proiekzioa zapatuko bigarren hitzordua izango da Azpeitiko Argazki Elkartekoentzat eta argazkizaleentzat. Izan ere, zapatuan bertan, baina 12:00etan eta Betharrameko erakusketa aretoan, karnabaletako sokamuturraren lehiaketaren sari banaketa eta erakusketaren irekiera izango dituzte.