Otsailaren 23an izango da IV. Gau-Txori Argazki Rallya

Uztarria.eus 2013ko ots. 6a, 19:22

Izen-ematea Internet bidez izango da eta otsailaren 21a baino lehen egin beharko da. Memoria-txarteldun argazki kamera digitala duen edonork hartu dezake parte Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako gaueko rally horretan. Sailkapena baliogarria izango da Herrietako Rally Txapelketa berrirako.

Gau-Txori Argazki Rallyaren laugarren edizioaren oinarriak plazaratu ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE). Otsailaren 23an, zapatua, izango da gauez egin ohi den rallya. Izena eman nahi duenak irekita du horretarako aukera.

Izen-ematea Internet bidez izango da, AAEren e-posta helbidera idatzita (azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com) eta otsailaren 21a baino lehen egin beharko da. Memoria-txarteldun argazki kamera digitala duen edonork hartu dezake parte. Inskripzioa 5 eurokoa da, edo 15 eurokoa, rallyaren barruan egingo duten afarian parte hartzea erabakitzen dutenentzat. Ordainketak rallyaren egunean bertan egingo dira AAEren egoitzan (Perez Arregi, 1-1.a, Telefonicaren eraikin zaharrean), 18:00etatik 19:00etara.

Memoria-txartel hutsarekin aterako dira rallyko parte-hartzaileak. Azpeitia izango da rallyaren eremua eta, horrelakoetan ohikoa denez, gaiak egunean bertan emango dituzte antolatzaileek. Rallya 01:00etan bukatuko da AAEren egoitzan. Han, parte-hartzaile guztien memoria-txartelen edukia ordeganailura pasatuko dute. Gero, parte-hartzaileek martxoaren 3a arteko epea izango dute, rallyko gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta, partaide zenbakia eta argazki zenbakia zehaztuta, AAEren e-posta helbidera bidaltzeko.

AAEk guztira 320 euro banatuko ditu sarietan.

Herrietako Rally Txapelketa

IV. Gau-Txori Rallya txapelketa berri baten hasierako zita izango da, gainera. Herrietako Rally Txapelketa izenarekin bataiatu dute Gipuzkoako zazpi herritako argazki elkarteen artean sortu duten txapelketa berria. Soraluze, Eibar, Legazpi, Zumaia, Zarautz, Donostia eta Azpeitia dira herriak.

---

Argazki Elkartea. Sorrera: 1984. / azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com / Argazkiaren arloan Euskal Herriko elkarterik zaharrenetakoa da Azpeitikoa. Bere ibilbidean hainbat ekitaldi antolatu du: rallyak, lehiaketak, ikastaroak. / azpeitikoargazkielkartea.com / Informazio gehiago