Maratoi Erdiaren hogeigarren urteurrena ospatzeko, aurten proba herrikoia ere egingo da

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 20a, 15:21
Joan den urteko maratoi erdiko helmugako irudi bat.

Korrika egiteko zaletasuna dutenentzat da Azkoitia-Azpeitia lasterketako 7,5 kilometroko saio berria. Jada eman daiteke herriko zenbait tokitan lasterketa nagusirako zein proba herrikoirako izena. Internetez ere egin daiteke inskripzioa, joan den azarotik.

Azkoitia-Azpeitia Diego Garciaren Oroimenezko Maratoi Erdia hogeigarren aldiz egingo dute aurten, martxoaren 23an, eta Asier Cuevas omenduko dute bertan. XX. urteurrena aitzakia hartuta, lasterketa motzago bat ere antolatu dute Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldekoek korrikarako zaletuentzako: Lehenengo Lasterketa Herrikoia. Maratoi erdiak 21 kilometro ditu, lasterketa herrikoiak, berriz, 7,5 kilometro.
 
Lasterketa Herrikoia, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren egun berean jokatuko da, ordu laurden aurretik irtenda. Hau da, lasterketa nagusia 16:30ean hasiko da Azkoitiko Julio Urkijo kalean, eta herrikoia, toki beretik, 16:15ean. Proba herrikoiaren 7,5 kilometroak maratoi erdiaren ibilbidearen barruan egin beharko dituzte parte-hartzaileek.
 
"Maratoi erdia atletismoko proba gogorrenetako bat da. Diego Garcia zena bere garaiko munduko maratoilari onenetakoa izan zen, eta maratoirako prestatzeko maratoi erdiak egiten zituen. Jakinik korrikalari herrikoientzako proba luzea dela, proba motzago bat prestatu dugu aurten", azaldu dute Xeye atletismo taldeko ordezkariek. Lasterka egiteko zaletasuna duten kirolarientzako antolatu dute proba berria.
 
Bi probak martxoaren 23an egingo dituzte, biek Azkoitiko Julio Urkijo kalean izango dute irteera puntua eta helmuga, Azpeitian Loiolarako bidean, Loiola Hotelaren aurrean.

Izena herrian emateko aukera 

Lehen Lasterketa Herrikoiaren parte-hartzaile kopurua 500 korrikalarira mugatu dute antolatzaileek. Maratoi erdian parte hartzea baino merkeagoa izango da hau: txip horia dutenek 8 euro eta gainontzekoek 10 euro. Izena Azkoitian Plaza Berri Sport kiroldendan eta Elkargunean eman daiteke eta, Azpeitian, Aradi Kirolak eta Aitzaki Kirolak dendetan eta igerilekuan. Dagoeneko izena emateko aukera zabaldu dute Xeyekoek.
 
Azkoitia-Azpeitia Diego Garciaren Oroimenezko Maratoi Erdirako izena emateko aukera, berriz, azaroan ireki zuten Internet bidez, www.kirolprobak.com eta lasterketaren webgunean. Aurten beste aldietan baino lehenago zabaldu dute izen-ematea. Orain, berriz, herrian izena emateko aukera zabaldu dute. Proba motzean bezala, maratoi erdiaren kasuan ere Azkoitian Plaza Berri Sport-en eta Elkargunean eman daiteke izena eta Azpeitian, Aradin, Aitzakin eta igerilekuan. Maratoi erdirako izena emateko txip horia dutenek 18 euro ordaindu beharko dute eta, txipik ez dutenek, berriz, 21 euro. Horrez gain, federatu gabe daudenek hiru euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Ostatua hartzeko eskaintza

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia egitera kanpotik datozenek probaren babesle diren hiru ostatutan eskaintza berezia izango dute; hau da, %20ko deskontua egingo zaie Loiola Hotelean, Arrupe hotelean eta Izarre nekazaletxean.
 
Joan den urteko maratoi erdiko argazkiak ikusteko egin klik hemen, hemen eta hemen.