Asier Cuevas omenduko dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Uztarria.eus 2012ko urr. 24a, 20:36
Asier Cuevas, Eunice Kirwa atzetik duela, 2012ko Azkoitia-Azpeitian.

Diego Garciaren oroimenezko lasterketaren XX. edizioa 2013ko martxoaren 23an jokatuko da. Probak webgune berria ere badu: www.azkoitia-azpeitia.com

Bost hilabete falta dira datorren Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako, baina antolatzaileak lanean hasita daude. Diego Garciaren oroimenezko lasterketak zenbaki borobila beteko du datorren urtean, XX. edizioa izango baita 2013koa. Martxoaren 23an izango da, hain zuzen ere, hurrengo maratoi erdia.

Parte-hartzearen ingurukoak-eta urruti daude oraindik baina, probaren datarekin batera, XX: Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren gainean bi albiste eman dituzte dagoeneko antolatzaileek. Horrela, 2012ko lasterketan Gipuzkoako txapela lortu zuen Asier Cuevas omenduko dute hurrengo maratoi erdian. "Gure artean dugun atleta onena omentzea erabaki dugu", esan dute antolatzaileek Azpeitian bizi den eibartarraz. Cuevas maratoian Espainiako txapelduna da, eta 100 kilometroko proban ere bai. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian "beti laguntzeko prest" izan den korrikalaria dela ere gogoan dute antolatzaileek. "Omenaldi honekin Asier bere helburu berrietan animatu eta publikoki gure esker ona adierazi nahi diogu, Diegoren oinordeko den korrikalari bikain honi".

Webgune berria eta izen-ematea

2013ko Azkoitia-Azpeitia lasterketari begira webgune berria sortu dutela da antolatzaileek aurreratu duten bestea. www.azkoitia-azpeitia.com da Interneteko helbide berria.

Bestetik, proban parte hartu ahal izateko izen-ematea datorren azaroaren 15ean irekiko dutela jakinarazi dute.