Eskola kirola

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2015ko urr. 27a, 10:55
Eskola kirolak ez du zentzurik. Haurrek kirola egin behar dute onuragarria delako. Osasuntsuago egiten zaitu, lagunak egiten dituzu eta talde lanaren balioa ikasten duzu. Kirolak kalterik ez du, txerriak bezala dena ona du. 

Eskola kirolaren filosofia zuzena da baina geure buruari tranpak egiten ari gara. Sistema bikoitza antolatu dugu. Batetik, eskola kirola eta, bestetik, herriko kirol elkarteek haurrak erakartzeko sortu dituzten 'eskolak'. Futbola, saskibaloia, pilota, igeriketa, txirrindularitza, mendia, judoa, karatea, gimnasia erritmikoa eta atletismoa (seguru bakarren bat aipatu gabe utzi dudala) gure haurren eskura daude. Herriko kirol elkarte horiek, gainera, udalaren diru laguntzak jasotzen dituzte. Batzuk doan dira, beste batzuk ordainduta, gehienetan tituludun monitoreekin. Eta guk horri eskola kirola gehitzen diogu. Borondate onenarekin laguntzeko prest dauden lagunekin baina gehienetan formaziorik ez duten lagunekin. Era honetan eskaintzen diguten eskola kirolak ez du zentzurik.

Benetako eskola kirola indartu behar da. Eskola orduetan dutena, inorentzat baliorik ez duen hori. Astean soinketako bi ordu dituzte gure txikiek. Aste osoan garrantzia gutxien duten bi orduak. Eta hori akats larria da. Soinketako bi orduek matematikako orduek adina garrantzia izan behar dute. Ordu horietan haurrei kirolak duen garrantzia irakatsi behar zaie; zer den eta nola egin behar den; lehiaketa zer den eta nola lehiatu behar den, gure herriak zer kirol sortu dituen... Eta, noski, horretarako material egokia osatu. Hau da nire iritzia, zurea?

(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau)