Beldurra dutenen beldur, herritarren beldur

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2009ko ots. 20a, 22:02

 Aldaketa16k eskatu eta idatzitako artikulua.

 

            Urte andana luzean gobernuan egon izana arrazoi aski da askorentzat agintari aldaketa baten beharra ikusi ahal izateko. Ikusi eta exijitzeko. Bbetirakoak ziruditen CIU eta PP makurtu eta lekualdatu ziren Katalunian eta Galizian, beti ere independentistekin lankidetza eta koalizioan. Orain Andaluziako PSOE eta gure PNV geratzen dira, Adanen egunean izendatu eta Josafaterako zelairainoko agindua balute bezala.

 

Ona al den galdetzen diot askotan neure buruari alderdi batek hain iraupen luzeko agintealdiak izatea. Ezetz seguruena erantzuten diot. Hainbeste urte boterean dauden alderdiak, berriro galdetzen diot, aldatzera derrigortuta al gaude politikagintza egokiago baten alde? Eta hemen ere ezetz erantzuten diot, agian komenigarria bai baina ez derrigorrezkoa eta ez ona zer izanik ez duela beti.

 

            Hemengo agintean autonomia asmatu zenetik egun bat bera ere hutsegin gabe daukagun PNV boteretik kendu beharra al dago? Aldatu beharra al dago? Nik erantzuteak barregura eman dezake baina, algarak algara, erantzun egingo dut, bai. Nire ustez, eta gogoz eta nahiez, noski, aldatu egin behar da. Ez ordea, arrazoi handi eta pisu nabarmenekoa izanik, boterean osatu dituen hiru hamarkadengatik, eginkizunak egoki bete ez izanagatik eta beste batzuek izan dezaketen gobernatzeko eskubidea jende askok zalantzan jarri izanagatik. Lehendabiziko argudioa oso eztabaidagarria da eta nire iritzia izanik ere ez dauka egia zer izanik, politikagintzan munduko edozein partetan egon daitekeen eztabaida da eta argudio guztiz subjektiboa beraz, lehia politikorakoa. Bigarrena, aldiz, guztiz nagusia da niretzat. Euskal Herrian jende askok ez du aitortu nahi nazionalista ez diren herritarrek izan dezaketen gobernatzeko eskubidea. Kanpokotzat, ez hemengotzat, hartu ohi dira euskal nazionalista ez direnak. Areago oraindik, nazionalista ez dena kanpozaletzat, kanpotarzaletzat hartzen da, etxeko eta bertakoen kontrariotzat. Demokrazia garrantzizkoa eta ezinbestekoa delako eta lehen helburua delako jarrera horiek desagertu egin behar dute eta desagertzeko modurik hoberena kanpotar, kanpozaletar, atzerrizale, apatrida, bertakoaren eta bertatiarren kontrario jotzen diren horiek gobernuan jarri eta ezer ez dela gertatzen den probatzea da Eskubidea aitortu bakarrik ez, teoria inork ez die ukatzen, praktikan jarri ere bai.

 

            Patxi Lopezen hautagaitza dela eta, Espainiako eta Euskal Herriko zirkunstantzia politiko ugari medio, badirudi esan dudana gauzatzeko aukerak egon daitezkeela oraingo honetan. Kanpaina pixka bat behatzea besterik ez dago bertako erreferentzia Patxi Lopez dela ikusteko. PNVren diskurtso osoa erreferente horren inguruan ari da osatzen, azken egunotan gainera lurrin naziak nahastuz bere diskurtsoari, PPk ere Lopez du erreferentzia ahiezina, EBk ere ezker izateko, Lopez eta PSOE behar ditu abiatzeko eta bere mugak ezagutu ahal izateko, EA eta Aralarri ere “badatozela”-ren mamuak gartzen diote libidoa. Lopezek dirudi lehendakaria eta gobernua, beste guztiek aspiranteak dirudite, aurrekon gobernu eginkizunetan ez nahastu eta eskuak zikindu dituztenak.

 

Ez dira esanak harritzekoak, funtsean eta oinarrian gure politikan, estalirik eta lo baina, beti hor egon direnak izan baitira. Baina oraingoan jendea urduri jartzea lortu da. Eta neurriz kanpoko erreakzioak haizatzeko saio ugari bistaratzen dira.

 

Erreakzio horietan nire iritzirako onartezinak direnak badaude, gezurtiak, faltsuak, iruzurtiak eta asmo txarrekoak direlako. Iritzi artikulu ezberdinetan 36ko uztailaren 18az hitz egiten da, faszismoa eta espainiartasuna nahastuz, euskaldun nazirik egon ez balitz eta ez balego bezala. Fronte nazionalaz hitzegiten da oraingoz hemen eta indarrean dagoen fronte bakarra gobernua bera denean. Gure nortasuna, nazionalisten nortasuna esan nahi dute, arrisku neurrigabe bat asmatzen da. Euskarari buruz egundo ahalakoak esaten dira, euskaraz bizi, jan, hitzegin, irakurri, idatzi eta lo egiten dugunok politikoki ez nazionalista garelako euskararen etsai publiko izendatuz. Eta ez dago eskubiderik. Boterea galtzen ikusteak ez dio inori lizentziarik ematen hemen herritarrok zintzo eta gaiztoen artean sailkatzen hasteko. Klemperer, Roth… eta beste idazle asko gomendatuko nituzke zeren nazismoa Auschwitzen eta Munchausenen bukatu bazen ere hasi, askoz ere lehenago hasi zen eta gaur entzuten ditugun antzeko faszistada asko entzun izan ziren, alemanek alemanen kontra, juduek juduen kontra esanak.

 

Noticias de Gipuzkoa edo Deia irakurriz bururatzen zaio bati hauteskunde hauek euskararen etsairik etsaienak irabazita ere, euskara debekatuta ere, gazteleratik hori esaten ari direnak lasaitasun osoz jarraituko luketela esaten dituztenak esaten eta egiten dituztenak egiten. Esan nahi da, Noticias de Gipuzkoa edo Deia, adibidez, inoiz ez lituzketela inork itxiko euskara aitzakia hartuz behintzat.

 

Zergatik jasan behar ditut nik horrelako irainak? Zergatik ez dut bada Patxi Lopez bozkatuko Euskal Herriaren alde, euskararen alde edo gogoa ematen didanaren alde?