“Programa”ren esperoan, je!...

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2008ko uzt. 12a, 01:07

Herrietako festetako programek esan nahi handiak, esan nahiak eta esan ezinak ere bai, izaten dituzte. Azpeitikoaz zer esan, tradizioz programa bera izaten da festetako ekitaldi esanguratsu eta indartsu bat. Ziur ez dela horrela izan beti baina.

Nere memorian lehendabizikoa Urrestillako eskola berrien zuri beltzezko argazkia zekarren hura da. 1962koa edo izan behar zuela kalkulatzen dut, urte horretan uste baitut inauguratu zirela Urrestillak historia unibertsalean zehar eduki dituen eskola bakarrak, urte eta belaunaldi ugariren eskaeren ondoren. Hala esaten omen zuen izenik esan nahi ez dudan harako hark:

- Ez zaiok inporta, lehen ere ez hituen eta gero ere ez dituk Urrestillako umeak azpeitiarrak baino tontoago izango horregatik.

            Baina harira etorriz. Atzera begira jarrita, batallitak batallita, xehetasun esanguratsuak izaten dituztela herrietako festa egitaraua iragartzen duten eskuorri, kartel, liburuxka eta abarrek.

Adibidez, inork eskura balitza, begira beza, hemen hauetako herrien bueltan zein festa ziren beren egitaraua euskaraz argitara eskaintzen hasi ziren lehenak. Lepoa jokatuko nuke urte batena baino bentaja handiagoz Urrestillan egiten genituenak izan zirela lehenbizikoak, bigarrenak eta hurrengoak. Ez zigun barre gutxi egin listo usteko askok, Azpeitiko bezala kanpokoagoak, “Ziripot biribilketa”, “herraldoi eta buruhandiak”, “suziriak” eta abar idatzita ikusi zuenean. Denboran atzera begira jarrita lasai esan ditzakegu bi gauza: Bata, burla eta iseka dela tontoek beren ezjakintasuna adierazteko daukaten modu natural bat eta, bia, Urrestillan egitarauari pieza literariorik jasoenak behar duen tratamendua ematen saiatzen ginela.

Guzti honek ez du esan nahi urte askotan, leku guztietan bezala, gaztelera hutsean jardun ez genuenik egitarauak ateratzen. Baina Azpeitikoaz hasi naiz eta Azpeitikoaz aritu behar dut.

Garai zaharretatik dator Azpeitiak, bertako herritarrek arropa bezala, festa egitaraua ere esajeratu dotorea ateratzearena. Kuatriokomia, paper garestia, argazki asko, orri ugari eta zer ez gehiago.

1979an sartu ginen gerrate zibilaz geroztik izandako lehen udal hauteskundetatik ateratako korporazioa. Garbi geneukan “lehen korporazio demokratikoa ginela” eta, ez zegoen zalantzarik herriaren borondatea inork ez bezala entzun eta gauzatuko genuela. Lehenengotako froga Saninaziotako herri jaiena izan zen – ordura arte “fiestas patronales”. Hala moduz igaro genuen froga. Igaro esan dut eta ez gainditu, gainditu genuenik ia inori ez baikenion entzun.

Akastun nagusiak, arduradun gupidagabeak, historiak absolbitu ez gaituenak, bi izan ginen: Leopoldo Etxeberria, Leo deitzen geniona eta Anatsan goitizenez sinatzen zuena, eta ni neu. Biok ginen, nolabait esateko, korporazio hartako euskaldun jantziak, alfabetatuak esan nahi da, euskara irakurtzen genuenak, sasoi hartako azpeitiarrentzat nahiko ahalmen urria, eta idazten ere moldatzen ginenak, aparte biok genuen idazle bokazioa,. Hogeita bost urtetik gora dira, oker ez banago, Leo zena hil zela eta harrigarriki isilik pasa dira urte horiek, harrigarria nola bere oroimenezko inolako ospakizunik ez den egon. Agian PNVrekin lerratu zelako izango dela iruditzen zait eta PNVri berriz, askotan, euskara hainbestexe axola zaiolako izango da. Inor gogoratuko da!

Bi espezialista izan bagina bezala enkargatu ziguten, borondaterik onenez, urte hartako herri jaietako egitarauaren argitarapena Luxiano Lazkano alkateak eta ordurako capo manerak bereganatzen hasia zen nere lagun Bastidak. Gogor ekin genion lanari. Guretzat ez zen halako aukerarik izan historian.

Letra idatziak garrantzia eta prestigioa zituen, gaur dituenak baino handiagoak ziurrenik, eta edozein publikazio kaleratzea, zeuden periodiko eta aldizkari urrietatik aparte, gauza aski zaila zen, euskaraz ia-ia inposiblea ez esateko. Garbi zegoen beraz euskarak ez ohiko presentzia izan behar zuela eta hala izan zuela. Ez genuena kontuan izan zera izan zen, jenderik gehienari euskara irakurtzea ikaragarri zaila egiten zitzaiola. Jendeak zailtasun gaindiezin baten inpresioa jaso zuela guk nahi genuen geure hizkuntzarekiko atxikimendua eta zaletasunarena baino.

Euskaraz idatziak, gazteleraz idatziak.... aldizkari bat atera zitzaigun festa egitarau bat baino gehiago. Gainera diru publikoa ez xahutze kontu horrekin eta zintzo, zuzen eta zuhur izan nahiarekin zuribeltzeko argazkiak gehiago izan ziren koloretakoak baino eta, zer arraio gero!, ez zen toreadore bakar baten argazkirik ere atera. Uste dut zezenetako argazki bakarra atera zela eta bera bi zezenena izan zen, bata bestearen gainean beste hori egiten bezala. Bertan nagoen bezala ez genuela asmo bihurriz edo okerrez egin baina zezenzaleek eta Azpeitia zezenzaletasunarekin identifikatzen zutenek burla, iseka eta iraintzat hartu ziguten.

Guzti horri eransten badiogu azalean festa giroko irudi edo argazki koloretsu baten ordez don Julian Elorzaren argazki  bat sartu genuela “herri jaiak 1979” legendarekin –Leoren obsesioetako bat garai hartan, zorioneko don Julian, neri gaizki iruditzen ez zitzaidana-, kontsumatutzat eman dezakezue burutu genuen lehenbiziko festa egitarau demokratikoaren desastrea. Inoiz gehiago ez ziguten utzi programaren edizioan eskurik sartzen, lerroren batzuek edo testuren bat izan ezik.

Gaur neuk ere beste era batera egingo nuke lantegi bera, baina ez daukat batere damurik gauza horrela eginarena. Geroztik litekeena da urteren batean edo gehiagotan egitarau hobeak atera izana, baina 79ko hark zuen baliokoak ez asko.

Galera handiagoak izan ziren Kubako gerratean eta hemen gaude. Hori bai, korporazio hartako inork ez zigun errietarik egin, ez orduan eta ez gero, garai hartako aldizkari batzuetako posterren  gisara programaren erdiko bi orriek korporazio berriaren argazkia zekartelako. Bibote asko, emakume gutxi eta azpeitiar gehiegi, Je! Aurtengoaren esperoan.