Euskarak behar duen arnasa

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2014ko abe. 17a, 15:36

Joan den urtean hasi nintzen Azpeitiko Euskara Patronatuan, HABEren laugarren mailako azterketa gainditzeko asmoarekin. Astean bi aldiz joaten ginen euskaltegira, eta bi ordu eta erdi igarotzen genituen han. Horrez gain, etxean ere idazlanak egiten genituen; eta, egia esan, bere lana eskatzen du txukun eta zuzen idazten ikasteak, baina merezi du ikastaroa egitea, jakina. Urte osoan buru-belarri jardun arren, ez nuen gainditu ekainean eginiko azterketa, eta horrela amaitu nuen ikasturtea, ziurtagiria gabe.

Denbora pasatu da, eta udazkeneko deialdian lortu dut laugarren maila egiaztatzea; izan ere,  azterketara lau aldiz joateko aukera izaten dute ikastaroa egiten dutenek. Horren harira, bereziki nabarmendu nahiko nuke Azpeitiko Euskara Patronatuko irakasleek egiten duten lana. Bene-benetan txalotzekoa da zer seriotasunekin hartzen dituzten ikasleen beharrak, gogoak eta ilusioak. Esan bezala, joan den urtean egin nuen ikastaroa, baina aurten ere ondoan izan dut gure irakaslea: testuak zuzentzen, ariketak proposatzen, ahozkoa prestatzen laguntzen... joan den urteko ikasleak ginen gu, baina berak aurten ikastaroa egiten ari diren pertsonei bezala egin digu kasu, arreta eta denbora eskaini digu.

Garai txarrak dira, eta joera dugu kritika negatiboak soilik egiteko. Gainera, gaur egun, beharrezkoa da haserretzea eta kexatzea, hori argi dut. Hala ere, gauza onak nabarmentzeko ere garai onak direla uste dut. Horregatik, hain zuzen, erabaki dut gutuna idaztea, herriak merezi duelako jakitea irakasleek nola egiten duten lana etxe horretan.

Mila esker euskaltegiko irakasleei, profesionaltasunagatik eta goxotasunagatik. Zerbitzu bikaina dugu herrian, zortedunak gara. Euskarak behar duen arnasa zarete. Eskerrak zuei, irakasle guztiei; eta eskerrak zuri, gure irakasleari.