Korapiloa

Zainduko gaituen hori

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Uranga 2023ko ira. 3a, 10:00
Aurtengo saninazioetan txupinazio bota zuten lau emakumeak. (Nerea Uranga)

2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa. Saninazioen atarian idatzi zuen Nerea Uranga kazetariak, aurtengo festei hasiera emango zien txupinazoa zaintza lanetan aritzen diren hainbat eta hainbat herritarren lau ordezkarik bota behar zutela eta.

Gutxietsiak, ikusezinak, lan zatarra egiten dutenak... Era horretan sentitu izan dira urte askoan adinekoak zaintzen lanean jarduten dutenak. "Zenbat aldiz entzun behar izan dugun limpia culos-ak garela. Zorionez, gaur egun, jendeak beste era bateko mentalitatea du", azaldu du Laia Juezek, lau hamarkadaz etxez etxeko laguntza zerbitzuko langilea denak. Zatar-ipurdia izan behar du pertsonak beste langile batzuengatik era horretara jarduteko. Juezek hori kontatu orduko, honako hau etorri zitzaidan burura: "Horrela jardundako zenbat aurkitu ote dira ipurdi-bistan, beren atzea garbitzeko kapazitaterik ez, eta beste bateren baten laguntzaren beharrean. Batere garbitu gabe uztea merezi".

Bizitzako etapa guztietan behar dugu guztiok, gehiago ala gutxiago, zainduko gaituen nor edo nor izatea inguruan, izan gurasoak, tutoreak, anai-arrebak, lagunak... edota zaintzaren arloan lan egiten dutenak. Bizimoduak aldatu ditugun eran, zerbitzuak ere egokitzen ari dira gizartean sortzen ari diren behar berrietara; gu haurrak ginenean, etxean beti izaten zen bateren bat edota auzoan elkar zaintzeko joera zegoen. Egun, baina, askotan etxepeko bizilagunekin "egun on" eta "aio", beste harremanik ez dugu, eta etxea ordu askotan hutsik egoten da. Ondorioz, laguntza beharrean gaudenean, gure ahalmenak gastatzen doazenean, nora jo?

Zaintzara bideratutako zerbitzuak gero eta gehiago dira, eta gizartearen etorkizun zaharkitua kontuan hartuta, gehiago beharko dira. Zerbitzu onak izateko inbertsioak egin beharko dira, bai azpiegituretan, baina baita lanean ari direnen baldintzetan ere, erabiltzaileen kalitatezko zaintza bermatzeko. Zaintzaileak ere zaindu egin behar dira.

Adinekoen zaintzan lanean ari diren guztien izenean Juezek, Mailu Etxeberriak, Maryuri Ninoskak eta Eider Iruretak botako dute aurtengo saninazioetako txupinazoa. Harro daude laurak egiten duten lanaz, "lan gogorra" izan arren, "polita" dela diote. Bizitzak berak bezala, "une onak eta tristeak" izaten dituztela, baina zaintza lana gustukoa dutela. Festei hasiera gustura emango diote, merezi dutela uste dutelako.

Lau horiek herriko hainbeste pertsona zaintzen dituzten bezala, festetan ere zaindu dezagun ingurukoa ondo pasatuz eta gozatuz!