Beñat Intxauspek jarraituko du Hazparneko kantonamenduko kontseilari orokor izaten

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2015ko api. 1a, 12:48

Hazparnen %65,85ekoa izan zen parte-hartzea, eta Etxeberrik eta Hazparneko egungo alkate Intxauspek 1.981 boto jaso zituzten. Hazparnen ez ezik, Baigura eta Mondarrain kantonamenduan ere Eskuineko Batasuna nagusitu da.

Joan den asteburuan egin zuten departamenduetako hauteskundeen bigarren itzulia, Ipar Euskal Herrian. Bozen bigarren itzulian, kantonamendu bakoitzean bi alderdi ziren aukeran, eta Hazparnen Frantxa Etxeberri eta Beñat Intxauspe Eskuineko Batasuna alderdiko kideak izan ziren boto gehien jaso zituztenak. Hazparnen %65,85ekoa izan zen parte-hartzea, eta Etxeberrik eta Hazparneko egungo alkate Intxauspek 1.981 boto jaso zituzten. Aldiz, UDI alderdiko Vicent Bruk eta Isabelle Pargadek 1.002 boto. 

Hazparnen ez ezik, Baigura eta Mondarrain kantonamenduan ere (Ezpeleta, Haltsu, Hazparne, Itsasu, Jatsu, Kanbo, Larresoro, Luhuso, Makea eta Zuraidek osatzen dute kantonamendua) Eskuineko Batasuna nagusitu zen. Beraz, herritarrek hala erabakita, Etxeberri eta Intxauspe izango dira Baigura eta Mondarrain kantonamenduko kontseilari orokorrak. Bihar, osteguna, hartuko dute kargua Paun. Intxauspe 2004tik da Hazparneko kantonamenduko kontseilari orokorra, eta 2008tik Hazparneko alkatea.

Hauteskundeen lehen itzulian Eskuineko Batasuna nagusitu zen Hazparnen, 1.524 boto jasota. Bigarren indarra UDI izan zen, 641 botorekin, eta hirugarrena, berriz, EH Bai, 426 boto eskuratuta. Horien ondoren izan ziren Fronte Nazionala (243 boto) eta Ezkerreko independeteak (180 boto).

Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatik.