‘Merkatu pertsiar batean’ emanaldia izango da bihar, musika eta antzerkiaren bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2016ko mai. 26a, 16:47

Bihar, ostirala, maiatzak 27, 'Merkatu pertsiar batean' emanaldia eskainiko dute Juan Antxieta Musika Eskolak eta Nerabeen Antzerki Tailerrak. 18:00etan izango da Txiki Biran egitasmoaren baitako emanaldia, Sanagustin kulturgunean.

Iaz bezala, aurten ere elkarlanean eskainiko dute emanaldia antzerki tailerreko gazteek eta musika eskolako ikasleek. Mari Jose Bikendi Musika Eskolako irakasleak adierazi duenez, elkarlanean ohituak daude eta horrek antolaketa lanak errazten dizkie.

‘Animalien ihauteria’ izenburupean egin zuten iazko ikuskizuna. Aurtengoa, berriz, 'Merkatu pertsiar batean' deitu dute, izen hori daraman partitura eta honen bueltan sortutako istorioa baititu oinarri. Doinu erakargarria eta ezaguna da Bikendiren hitzetan, eta bertaratzeko gonbidapena luzatu die herritarrei: “leku polit eta alai batean sentitzeko aukera izango duzue ikus-entzunezko emanaldi honekin”.

Txiki Biran egitasmoaren baitan antolatu dute aurtengo emanaldia ere. Hau, Udaleko Gazteria Sailak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kooperatibak elkarlanean antolatutako egitasmoa da, herriko haur eta gaztetxoei hilabetero ikuskizun bat eskaintzea helburu duena. “Lan polit bat aurkezteko aukera ematen du eta formatua ere egokia da”, azaldu du Bikendik. Musika Eskolarekin zerikusirik ez duen jendea bertaratzeko aukera eskaintzen diela ere azpimarratu du.