Ezten: "Denbora dugun bakoitzean entseatzen dugu, gure egitekorik gustukoena delako"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko abe. 10a, 12:11
Ezten taldeko kideak.

Zapalduen ereserkia izenburupean, lehen diskoa grabatu berri dute Ezten musika taldea osatzen duten azpeitiarrek. Bi urte pasatxoko ibilbidea du herriko lau gaztek osatutako taldeak. Larunbatean kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean, 23:00etan, The Friday's Crew eta Verrater taldeekin batera.

Nor da Ezten taldea?

Ezten taldea 2013ko irailean sortu zen, Urrestillako Triku Musika Elkarteko lokaletan hasi ginenean entseatzen. Kuadrillako lau lagunek osatzen dugu: Olaizola (bateria), Etxabe (baxua), Lander (gitarra eta ahotsa) eta Pello (gitarra eta ahotsa). Denbora honetan, gure musika estiloa bilatzen jardun gara, eta diskoan estilo asko ukitu arren, gure nortasuna bertan islatuta geratu da. Lan honetan herriko taldeen musika metalarekin nahastu dugula esan dezakegu. Denbora dugun bakoitzean entseatzen dugu, gure egitekorik gustukoena delako.

Main Threat deitzen zen taldea lehen, orain Ezten izena hartu duzue. Zergatik?

Hasiera batean asko pentsatu gabe jarri genuen izena, proiektu soil bat zelako. Baina diska atera aurretik ohartu gara aldaketa bat behar zuela izenak, alde batetik euskaraz abesten dugulako, eta bestetik momentu egokia zelako taldearen eboluzioa islatzeko.

Zapalduen Ereserkia zuen lehenengo diskoa grabatu berri duzue.

Sormen prozesuan, Pellok abestien ideiak ekartzen ditu eta entsegu lokalean denon artean garatzen ditugu. Letrak, berriz, Landerrek egiten ditu, gizartearen nondik norakoak islatuz. Grabaketa lanak, berriz, 2015eko uztailean eta abuztuan egint ditugu, 2NOISY estudioan. Guretzat lehen grabaketa izan denez, neketsua baina aldi berean aberasgarria izan da, asko ikasi baitugu. Hemendik eskerrak Gerra eta Oihani!

Non eskuratu daiteke zuen diskoa?

Diska, aurrenekoz, larunbat honetan Sanagustinen eskainiko dugun kontzertuan izango da eskuragai, eta hortik aurrera inguruko tabernetan.

Kontzertua eskainiko duzue larunbatean Friday's eta Verrater taldeekin.

Oso gustura gaude herriko taldeekin izango garelako oholtzan. Asko eskertzen diogu The Friday's Crew taldeari beraien aurkezpenean herriko bi taldeei aukera ematea. Kontzertuan, diskako abesti guztiak joko ditugu, tartean, bertsio bat ere izango da.

Non ikusi ahal izango dugu Ezten taldea datozen egunetan?

Oraingoz, Gabon aurretik, abenduaren 19an, Azkoitiko Zurt tabernan izango gara Trini Fox taldeko lagunekin.