Hiru azpeitiar izango dira Eako Poesia Egunetan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko uzt. 17a, 12:06

Eako Poesia Egunen hamabigarren edizioa egingo da gaurtik igandera, Poesia ezin da kabitu lemapean. Hiru azpeitiarrek hartuko dute parte bertan, Alaitz Aizpuruk, Jose Luis Otamendik eta Jon Gurrutxagak. Joxe Azurmendi 60ko poesiaren erabierritzean hitzaldia eskaniko du Aizpuruk, Otamendik, berriz, Kapital publikoa (Atlantikoaren aurrean) errezitaldia. ITU bandaren Ituskizuna performancea izango da Gurrutxagaren tartea.

Alaitz Aizpuru

Gaur, ostirala, 18:30ean, Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean hitzaldia eskaniko du Alaitz Aizpuruk Eskolondon. Poesia liburu bakarra idatzi du Azurmendik, Hitz berdeak (1971). "Euskal Herriko saiogile oparoenaren aurpegi ezezagunago hau edo ahaztuxeago hau gogora ekartzeak geure historiara begiratzeko aukera paregabea eskaintzen digu", azaldu du Aizpuruk.

Saioan denetik hitz egingo da, egileaz, bere lanaz, bere garaiaz, bere lanean zeresana izan dezaketen beste autore batzuez... eta gogoeta ere presente egongo da. "Bere saiakera lanen zabaltasuna eta mardultasuna horrenbestekoa izan da, hastapenetako poesia lan hura, haien itzalean ahaztuta edo pixka bat ezezagun geratu izan dela", adierazi du azpeitiarrak.

Azurmendi, Euskal Herriaz eta garaiaz arduratutako idazlea dela dio, Euskal Herritik, euskaratik eta eukaraz hausnartuz, pentsatuz. "Gizarte kontzientzia handia ageri da bere poemeten, garaiko problemak batere ezkutatu gabe adierazteko lana eta nahia", azaldu du Aizpuruk. Azurmendiren poemak, garairako, gaurko bezalaxe, ausartak direla dio, eta askok gaurkotasun handia gordetzen dutela. "Euskal historia hurbila eta urte haietako literaturaren eraberritzea ulertzeko lekuko ezinbestekoak dira", gaineratu du.

Jose Luis Otamendi

Larunbatean, 13:00etan, errezitaldia eskainiko du Jose Luis Otamendik Portusolo zelaian, Kapital Publikoa (Atlantikoaren aurrean) izenburupean. “Atlantikoaren aurrean liburuko poema bat da, eta aproposa ematen zuen kostako herri batean, eta Portusolo izeneko zelaian emateko”, azaldu du.

Ordubete inguruko saioa izango da, 20 testu irakurriko dira, eta bakoitzari sarrera txiki bat egingo dio. Testuak soil-soilean irakurriko ditu gero, bertan bildutakoen irudi eta hotsak lagun, bestelako musika eta osagarririk gabe. "Poema horietan jendartearen gorabeherak nire iragazki intimotik pasata adierazi nahi ditut nolabait, eta nire intimotasunaren hainbat alderdi inguruko gertaerek kutsatuta ageriko dira; uste dut ez dakidala beste era batean idazten", adierazi du Otamendik.

Joan den urteko udazkenean argitaratu zuen Otamendik azken poesia liburua, Kapital Publikoa, eta harrezkero jendaurrean hamaika saio eskaini ditu. Liburuko eta liburuaren berotan egindako beste poema batzuk irakurtzeko aprobetxatzen du saioa idazle azpeitiarrak: "Nire kapitala edo ondare nagusia zer jotzen dudan saiatzen naiz erakusten hein batean, baina kapitalak eta kapitalismoak sortu dituen hainbat makurren aurrean kritiko agertzen ere bai".

Jon Gurrutxaga

Larunbatean, 16:30ean hartuko dute lekukoa ITU bandako lagunek Eako Poesia Egunetan. Ituskizuna performancea aurkezteko dute Bedaronan, eta taldekideen artean dago Jon Gurrutxaga azpeitiarra. “Letren inguruan bildu garen zazpi gazte gara ITU-ko partaideak, egun hain ohikoak ez diren gauzak maite ditugunak”, adierazi du Gurrutxagak.

Beraien belaunaldiaren testigantza bat izan nahi du larunbateko saioak: "Etsipenaren kontrako antidotoa, sortzen hasteko garaia dela aldarrikatuko duena, eta gure belaunaldiari egozten zaizkion zenbait ezaugarri (pasibotasuna, menpekotasuna, buruarinkeria) iraultzeko asmoa daukana", azaldu du azpeitiarrak.

"Indar bat transmititzen jakingo al dugu, eta bestela, intentzioa bera ere bada zerbait. Sofatik altxatu gara behintzat". Hori frogatzeko bertaratzea izango da onena beraz!