San Juan suaren bueltan jaialdia egingo da gaur plazan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko eka. 23a, 11:50
Iaz San Juan sua, plazan.

Gaur, San Juan bezpera, ohiko moduan San Juan suaren bueltan jaialdia egingo da plazan. 22:00etan hasiko da Itsasi Euskal Kultur Taldeak antolatu du sua eta tradizioa oinarri dituen ikuskizuna. Gainera, ekitaldia hasi aurretik kalejira egingo dute herriko txistulariek.

Gaur, San Juan bezpera, usadioari jarraituz, suaren bueltan festa giroa izango da nagusi herriko hainbat txokotan. 

22:00etan hasita, plazan ekitaldi berezia izango da. Itsasi Euskal Kultur Taldeak antolatutako ikuskizuna izango da ikusgai, eta San Juan Zortzikoaz gain, Laukoa edo Axuri Beltza dantzatuko dituzte. Era berean, hainbat euskal kanta ezagun ere eskainiko dute. Saioa amaitzeko, sua ikustera gerturatuko diren herritarrek ere dantzarako aukera izango dute; fandangoa eta arin-arina bezalako dantzak Itsasiko kideekin egin ahal izango dituzte. Emanaldia hasi aurretik, berriz, kalejira egingo dute herriko txistulariek.

Bestalde, urteroko legez, festa giroa izango da nagusi gaur Urrestillan. gauerdian sartuko dute San Juan arbola plazan, eta sua ere piztuko dute.