Txomin Uribe: "Disko ezberdina da, akustikoagoa, balsa dago, countrya… Eta, hala ere, gu izaten jarraitzen dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko mar. 18a, 11:20

Aurreneko diskoa atera zutenetik 25 urte pasatu direnean diskoa kaleratu dute Piztiak taldekoek. Azpeitian bizi da taldearen arimetako bat: Txomin Uribe; eta 15 urtez taldea utzita egon ostean, disko honetan berriz elkartu zaie Jesus Galan azpeitiarra. Apirilaren 24an aurkeztuko dute diskoa Berria-k eta Badok.infok antolatutako Loraldia jaialdian. Txomin Uribek berak erantzun die Uztarria.eus-en galderei.

25 urte Joan dira aurreneko diskoa kaleratu zenutenetik. Hainbeste denboran ez al zarete nekatu, edo aspertu?

TU-K bezala hasi ginela 30 urte dira, Piztiak bezala 25. Elkarrek izena aldatzeko esan zigun, bateria ere sartu genuen, eta aldaketa izan zen. Baina aspertu? Ez ez.

Nola eusten zaio kantuak sortzeko grin horri?

Erraza da, astelehenak gainditzen laguntzen du! Kar, kar! Beste modu batetara esanda, behar dugu. Batzuek musean jokatzen dute, eta guk abestiak egiten ditugu, entseatu... Sekretua da libre garela, aske. Norbaitek ez badauka jotzeko gogorik aldi batean gelditu egiten gara, edo gure beharretara moldatu. Eta gainera, oso ondo ezagutzen dugu elkar.Sekretua zein da? Andreak ere askotan esaten dit... 'Joan zaiten entseatzera, nerbioso zaude eta!' Gustatu egiten zaigu, eta geuregatik egiten dugu. Presiorik gabe.

Jesus Galan azpeitiarra taldera itzuli da 15 urteren ostean. Gustura hartu al duzue?

Bai noski! Elkarrengana ohitu behar izan dugu, lana hirurentzako eginda baikeneukan, eta beste bat sartzeko moldatu egin behar izan dugu guztia. Baina ederra izan da.

Denbora guzti honetan zein gorabehera izan ditu taldeak?

Asko izan ditu. Hasieratik Josu eta biok gaude. Jendea joan eta etorri egin da. Mamia biok izan gara beti, eta baita Pello azkoitiarra ere bai. Garapena egon da urte hauetan guztietan, musika aldetik, hizkuntza, hizkera eta guztiaren aldetik. Bizitzaren garapena bezala. Aurrekoan Berria-ko kazetariak esan zidan: abesti alaiak ateratzen ari garela, mezu baikorrekin. Naiz eta kantuetan kontatzen dena gogorra izan, amaieran mezu baikorra dago.

‘Ametsik ederrena’ singlea, maitasun kanta bat da.

Bai. Letra ederra egin du Kirmenek [Uribe]. Anai gaztea dut. Grabatzeko ordu bi falta zirela eman zizkidan hitzak, beti berdina egiten dit... Beste kantu bateko letrak ere bereak dira. Lagun bat hil zeneko abestia, eta etxeko bat hil zenekoa ere badaude, baina haiek emandakoa azimarratzen dugu, galdutakoa baino gehiago.

Esan duzun bezala, Kirmen Uribek egin ditu letra batzuk. Zergatik Kirmen? Anaia delako?

Ez, ez. Piztiaken historian Kirmen zutabe bat izan da. Beti egin ditu letrak. Izatez, alderantziz da, 13 urterekin egindako letrak-eta abesten nituen nik. Beti abestu ditugu bere hitzak. Beti beti. Gauzak egiteko modua honakoa da: hitzak Josuk eta nik egiten ditugu, eta sobratzen zaizkigunean bat do bi, Kirmeni ematen dizkiogu.

Eta Kirmenek gustura egiten du?

Bai. Asko kostata, baina gustura. Kar, kar! Abesti bat hemen argi zegoen, Aitzol Aramaio gure lagun eta zine zuzendaria hil zen, eta naturalki atera zen.

Beste laguntzari izan duzue taldetik aparte?

Bai. Pettik egin ditu bi abesti. Aurreko diskoan elkarrekin lan egin genuen, eta ederra izan zen. Oraingoan berak esan zigun, 'ni banator!'. Oso berezia izan da, berak abestu duen kantu bat countrya da, eta guk ez dugu inoiz egin halakorik. Urtzi Leek ere parte hartu du. Perkusionista da, eta kabakinoa jo du, mandolina ere bai... eta Katü Bürü perkusio taldea ere badago.

Lagun horiek guztiak zuzenekotan ere egongo al dira?

Kirmen etortzen denean bazterrean eserita egoten da, garagardoa hartzen. Urtzi Lee ia beti etorriko da, bere emaztea ere bai pandereta batekin, eta Petti, ahal duenean etorriko da. Ondarrun seguru, Bilbon ere bai...

Diskoaz ari garela, zer topatuko dugu hemen desberdina?

Ezberdina da, akustikoagoa da, instrumentu desberdinak sartu ditugu… Rocka da, baina balsa dago, countrya dago... Eta, hala ere, gu izaten jarraitzen dugula.

Diskoaren izena ‘U’. Zergatik?

1999an, Jesus kitarrajole zela, diskoa grabatzera joan ginen Tipo Pete estudiora, Jose Lastra teknikari genuela. Argia eta itzala izena jarri genion: a, e, i. Hurrengo diska zero izan zen, O. Gero, Jesus Joan egin zen, orain itzuli da, eta estudio berdina, teknikari berdina... U izena jarri diogu. A, e, i, o, u. Orain kontsonanteak egitea falta zaigu! B, c, d... kar, kar!

Autoekoizpen bidez egin duzue diskoa. Zergatik?

Azken biak hala egin ditugu. Aurreneko biak kenduta, besteetan dena guk egin dugu, eta gero Gaztelupeko Hotsek editatu. Orain, jada, guztia guk egitea erabaki dugu.

Zergatik?

Ez duelako zentzurik bestela egiteak. Gaur egunean, dauden baliabideekin geu gai gara egiteko. Disketxe batera joaten bazara, esaten dizute: guk editatuko dizugu, baina 200 disko erosi behar dituzu zuk. Nola?!? Ez dute apusturik egiten eta beraz ez dute ezer galtzen. Aurrekoan autoekoizpea baliatu genuen, eta ondo atera zenez, errepikatu egin dugu. Zuzenekotan salduko dugu, Elkarrek ere zabalduko du, irratietara ere iritsi gara… guretzako nahikoa da!

Crowfounding-a egin duzue gainera.

Zer gertatzen da? Duela 25 urte disketxeak ordaintzen zuen grabatzea eta ateratzea. Geroago, guk grabatu eta disketxeak atera. Hori diskoen diruarekin egiten genuen aurrena, kontzertuen diruarekin gero; baina orain kontzertu gutxi dago, eta diskoak ere apenas saltzen diren. Beste formula bat asmatu beharra zegoen. Hala jo genuen crowfundingera. Gustura gaude. Gure musika entzuten ez duen jendeak ere jarri du dirua, elkartasunez, eta gainera, dagoeneko 125 disko salduta ditugu.

Beste 25 urte egiteko, zer moduz dago taldea?

Ondo, oso ondo gaude. Baina... 25 urte asko dira!