Jesus Tapia: "Antxieta Arkeologi Taldearengatik ez balitz, ez genuke bailarako ondarearen zatirik handiena ezagutuko"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko ots. 20a, 13:56

Hezurren Egia proiektuaren gidaritzan ari da Jesus Tapia Aranzadi Elkarteko Arkeologoa. Hala ere, berak argi dauka, proiektua Antxieta Arkeologia Elkartearena da, haiek urteetan ixil-ixilik egindako lanaren fruitua. Bailarako bost udalek eta Gipuzkoako Diputazioak elkarlanean egin duten proiektua da Hezurren Egia. Aurreneko hitzaldiak-eta egin dituzte, baina luzerako proiektua da. Helburua, Antxietakoek egindako aurkikuntzak bistaratu, eta bailarako ondarea ezagutzera ematea da. Xehetasunen berri eman digu Tapiak.

Hezurren egia egitasmoa nondik eta nola sortu da?

Ideia Antxieta Arkeologia elkartekoena da. Ni ez naiz Antxietakoa, baina bai laguna. Ni arkeologo profesionala naiz. Antxietakoek beharra sentitzen zuten proiektuan zerbait profesionala sartzeko dibulgazio aldetik-eta lantzeko. Udalaren partetik proiketua aurkezteko aukera sortu zenean erronka eta ideia hartu zituzten Antxietakoek, eta lanean hasi ziren. Proiektuaren idea eta norabide nagusiak beraiek jarri zituzten. Nik egiten dudan bakarra aholkularitza teknikoa da. Maila teknikoak gauzak zuzentzeko nago ni hemen, baina ideia Antxietarena da.

Labur-labur esateko, zein da egitasmoaren helburua?

Helburu orokorra ondarea babestea eta zabaltzea da. Eta helburu zehatza. Antxietakoek egindako lan guztia ezagutzera eramatea. Urte askoan ibili dira hemen lanean aurkikuntzak egiten, batzuk garrantzi handikoak eta besteak txikiagokoak, baina lanean etengabe. Arkeologo askok, eta jende gehienak ez dakigu hemen inguruan haiek aurkitutako gauza mordoa dagoela. Aurkikuntza guztiek ez dute izan behar sekulakoak, jesukristoren altxorrak, pinturak dituzten kobazuloak etabar, baina inguruan zer dagoen jakitea oso garrantzitsua da interpretazioak egiteko. Urolan dagoen aberastasun hori Antxietari esker ezagutu dugu. Topatutako aberastasun hori guztia balioan jarri behar da. Eta horrek ez du esan nahi museo bat jarriko dugunik kobazulo bat edo zerbait dagoen toki bakoitzean, baizik eta hori esplotatzeko bideak ere jarri behar direla. Helburua da ondarea bere osotasunean ezagutzera ematea; jakitea ondarea baduela. Eta hori turismo aldetik esplotatu daiteke, baina ez bada esplotatzen, horrek ez dio kentzen inolako garrantziarik. Ondarea ezagutzera ematea esaten dugunean hortaz ari gara: jendeak baloratu dezala dena garrantzitsua dela. Dena babestu behar da.

Zure hitzak entzunda, badirudi garrantzia handia ematen diozula Antxietari eta bere antzera borondatezko lanean ari diren taldeei, ezta?

Bai. Naiz eta ni profesionala izan, debaldeko lana ere asko egiten dut. Lanbide hau bokazionala da. Dirua ateratzeko arkeologian sartzea pentsatzen duena, gaizki dabil. Arkeologoak bokazionalak gara, eta normalean pobreak. Baina oso lan dibertigarria da. Poz handiak ekartzen ditu, neke handiak ere bai, baina, ez da dirua teratzeko negozio bat.

Antxieta Arkeologia taldea ez balego, ezagutuko al genuen gure bailarako ondarea?

Egia esanda, gehiena ez. Ni Aranzadikoa naiz, eta Aranzadik bitan edo hirutan publikatu ditu Gipuzkoako karta arkeologikoak. 1982an publikatu zen lehendabizikoa, hainbat aztarnategi azaltzen ziren bertan, batzuk kobazulotan besteak trikuharrietan-eta… Horietatik zati garrantzitsu bat Antxietakoek aurkitutakoak izango ziren, eta Azkoitiako Munibe elkarteak. Ikerketa proiektuak izendatzen direnean, batzuk aurretik ezagututako aztarnategietan azterketak egitea, besteak aztarnategi berriak bilatzeko proiektuak izaten dira. Baina gu ez gera denera iristen. Horregatik profesionalak ez diren taldeek egiten dizkugiten mesedeak ikaragarriak dira. Ustekabeko aurkikuntzak ohikoak izaten dira. Zentzu horretan, Antxietakoek mesede handia egin digute, denori.

Ukitu duzun beste puntu bat turismoa da. Turismoarekin lotu gabe posible izango zen Hezurren Egia gisako proiektu bat aurrera eramatea? Feedback ekonomiko bat izan gabe, eraman daitezke aurrera?

Taliban samar jarriko banintzateke, esango nizuke turismoa alde batera utziko nukeela, seguru.

Zergatik?

Turismoa kontrolatzea oso zaila delako. Turismoa ondo kontrolatuta oso gauza ederra da, eta interesantea. Baina, jeloskor samarrak ere izaten gara batzuetan. Imaginatu, Altamirako kobazuloak. Orain berriz bisitentzako irekitzen hasi dira. 16.000 urtez ondo kontserbatu den toki bat arriskuan jarri behar dugu jendeak ezagutzeko eskubidea duelako? Edo ez genuke jarri beharko? Bistaratu gabeko ondarea ez da ondarea? Probetxua ateratzen ez badiogu ez da ondarea? Baina, 16.000 urte pasatu baditu ondo, 50 urtetan izurratzeko  arriskua hartu behar dugu?

Turismoak ondo zainduta behar luke, beraz.

Tamalez, estatu mailan turismo aldetik astakeria dezente ikusi ditugu. Beraz, turismoa bai, baina edozein prezioetara ez. Orain aurkitu berri den Danbolinzulo kobazuloa, nik ez dut ezagutzen, baina tekniko eta espezialistek erabaki beharko dute egokia den edo ez jendearen aurrean irekitze. Baina seguru, turismo aldetik indarren bat izango dela esaten duena jendea erakartzen ez badu ez diogula probetxurik ematen. Gogoeta orokor bezala utzi nahi dut: ondarea gozatu behar dugun zerbait da, baina babestu behar duguna ere bai. Eta guregana 16.000 urte pasatuta iritsi baldin bada, orain ardura gurea da, besteentzako ere iraun dezan.

Antxietakoek ere badute arazo hori. Topatzen dituzte gauzak, baina ezin dute publiko egin, zaintzen ez bada izorratu egiten delako. Horren ondorioa da isilpeko lan hori are eta isilpekoagoa izatea.

Aztarnategi guztietan beti etortzen da tontoren bat zuloa egingo dizuna, edo trofeo bat eraman nahi duena, edo besteak baino balienteagoa dena, edo tonto hutsa bakarrik dena eta izorratzera etorriko dena. Horrek esan nahi du gainontzekoei ezin zaiela ezer erakutsi? Hor dago balantza. Proiektu hau, ordea, nahiko orokorra denez, bailara mailakoa, ez du zehazki eskatzen toki bakoitzeko bisita tokiaren gainean egitea. Gure fundamentua ez da toki zehatzera joatea, baizik eta toki horren eta gainontzekoen gainean aktibidade didaktikoak etabar egitea.

Alegia, ikuspegi orokor bat ematea gure bailaran nola bizi ziren orain dela milaka urte.

Horixe da. Nahi duenak eskura ditu toki zoragarriak ikusteko. Ekainberri, esate baterako, hementxe dago, eta oso bisita gomendagarria da. Bisita ona da, toki zoragarria, erreplika bikaina, eta egiten dituzten tailerrak oso ona dira. Bertako ondarea zuzenean ustiatu ezin bada ere, gai horren gainean bailara osoan aukerak baditugu gauzak egiteko; irteerak, txangoak, hitzaldiak…

 

Aurreneko fasea dibulgazioarena da. Beste bi daude aurreikusita. Zeintzuk dira horiek?

Urte honetan dibulgazio lana egin nahi dugu, etxez etxe banatu dugun posterrarekin, egin ditugun hitzaldiekin eta ingurugiro etxean jarriko dugun erakusketarekin. Bigarren fasean nahi duguna da tailerrak, irteerak etabar terrenoaren gainean lantzen hastea. Gaiak sakontzea. Bitartean, bertan dagoen azpiegitura kulturalarekin zer egitea dagoen pentsatzen joango gara. Ez gara parakaidista batzuk. Eskaintza bat egin nahi dugu, eta bertako baliabideekin zerbait egitea badago, gure gaia proposatuko dugu, esplotazio gai bezala. Hemen antzerkia egiten bada, zergatik ez egin historiaurrea eta ondarea lantzen dituen obra bat? Ikusiko dugu noraino iristen garen, jendearen interesaren arabera. Elkarlana sustatu nahi dugu.

Eta hirugarren fasea?

Fase hau gutxiago landuta daukagu. Aurrekoa segun eta nola ateratzen den, horren arabera egokituko dugu. Azken aspirazioa da jendeak ondarea gozatu dezala, eta norbaitek bokazioa badauka eta bizitza hortik ateratzeko modua egiten badu, oraindik eta hobeto. Arkeologo, geologo eta fisiko nuklear izateko bokazioak ateratzen badira, ondo. Nazioarteko ikerketak ateratzen badira bertako ondarea ezagutzera emateko, ondo, eta erakunde publikoek azpiegitura gehiago egiteko dirua jartzen badute, oso ondo. Fase hori, ordea zehazteko dago. Ikusi beharko dugu epe motz eta ertainean zein erantzun jasotzen dugun. Toki batera museo bat bisitatzera joaten bazara, ez zara musea ikustera bakarrik joaten, kanpin batean egiten duzu lo, gero ibilaldiak egiten dituzu gaiarekin lotuta, tailerrak dituzu parte hartzeko, eta afari bat ezdakit nolakoa, eta teatroa, eta larruak erosteko denda, eta... gehigarri guzti horiek izaten dira eskaitza osatzen dutenak, ez bakarrik tiketa hartu bi argazki atera eta lixto. Ekainberrin ahalegina egiten ari dira horretan, eta eskaintza hori zabaldu daiteke. Historiaurrea oso luzea da.

Horretarako laguntza beharko da, eta dirua…

Bi eratara laguntzen du administrazioak: batetik, dirua ematen, eta bestetik, oztoporik ez jartzen. Badakigu gauzak krisiarekin-eta nola dauden. Beraz, gutxienez egiten uzten badute, eta baliabidetxo batzuk eskura ematearekin, nahikoa izan daiteke.

Momentuz jarrera ona ikusi duzue?

Nire sorpresarako, bai. Badirudi proiektua gustatu zaiela bai diputazioari eta baita bost udaletxeei ere. Beraz, esperantza badaukat zerbait polita aurrera ateratzeko. Gustatuko litzaidake urola bailaran polo potente bat bihurtzea. Pintura guztiak Zestoan topatu badira ere, haiek ikustera etortzen dena Errezilera bideratu dezakezu tailer bat egitera. Zestoan dolmenik ez dago, haien inguruko ekitaldiak Beizama inguruan egin beharko dira... Estrategia orokorra jarrita dago azken faserako, baina ikusiko dugu martxan ari garen bezala.