Lakrikun: "Umorea lantzen dugun arren, mezu sakonak ditu obrak"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko aza. 6a, 13:54

Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Uranga Lakrikuneko kideek sortu dute larunbatean estreinatu behar duten lan berria: Non gaude?. Ohituta daude elkarrekin lana egiten, formatu honetan bereziki. Soka bereko hirugarren lana dute hau, Greban gaude eta Prest gaude-ren atzetik. Ezin jakin ildo bereko azken lana ote den. 21:30ean izango da, Soreasu Antzokian, XXXII. Antzerki Topaketetan. Gogotsu daude, eta sorpresa gorde nahi dute ikuslearentzat. Abilak dira ezer kontatu gabe galderak erantzuten. Obra ikusi beste erremediorik ez dago. 

Non zaudete?

Alaitz Olaizola: Hori ezin dugu esan.

Gurutze Eizmendi: Etorri eta ikusi egin behar da.

Idoia Uranga: Geuk ba al dakigu ba non gauden? Jakingo bagenu, ez ginen hemen egongo.

A.O.: Horregaitik dauka titulu hori.

G.E.: Geuk ere ez dakigu.

I.U.: Galdera hori erantzuteko antzerkia ikusi behar da.

Prest al zaudete?

A.O.: Baldimaite!

I.U.: Gu beti.

A.O.: Oin dala bost urte Prest gaude egin genuenean prest egon bagainen, orain ere bai.

Greban ez, ezta?

A.O.: Beno...

G.E.: Greba puntu hori beti izaten dugu. Rebeldia puntu hori beti.

A.O.: Baina larunbatean lanerako pronto.

I.U.: Ikusita hiru pertsonaia igualak direla, greban egon ziren, prest egon ginen, orain ez dakigu non gauden, baina hirurok berdin jarraitzen dugu, grebalari borrokalari espirituak jarraitzen du, edozertarako prest egoteko jarrerak jarraitzen du…

Argi eta garbi da trilogia bat beraz.

A.O.: Bai, bai.

Bukaera izango da?

G.E.: Ahhhhhhhhhhhhh.

I.U.: Hori da antzerki honetako bigarren galdera. Azkena ote?

G.E.: Ez dakigu non gauden, non bukatuko dugun…

A.O.: Aurrena non gauden deskubritu behar dugu, eta behin hori dakigula, hitz egingo dugu.

Antzerkia zer da non zaudeten deskubritzeko saioa bat?

A.O.: Ez guztia.

Zer ikusiko dugu bada? Esan badaiteke…

I.U.: Hiru pertsonaia ikusiko dituzue, hiru emakume, hiru prototipo desberdin. Bakoitzak bere nortasuna du, markatua. Egoera desberdinak ikusiko ditugu, denak desberdinak eta denak barregarriak. Une sakon batzuk ere  badaude… eta horixe galdetzen ari dira, non gaude?.

Eta erantzunik badago?

G.E.: Jendeak ikusten duenean bai, aurretik ez.

A.O.: Erantzuna badago, eta gogoeta bat ere bai. Behin non gauden deskubritzen dugunean, zergatik?, emakume bezala, pertsona bezala, zergatik?. Jendeak neurri batean pentsatu dezake istorio superfiziala dela, alegia, barre egiten dugu, komedia egiten dugu… baina barren barrenean galdera interesgarriak daude.

I.U.: Mezu sakona.

A.O.: Eta une batzuetan agian geure buruari esaten hausartzen ez garen galderak…

G.E.: Umoretik joaten garenez, jende askok barre eta barre egiten du, eta mezuarekin ez da jabetzen, baina mezu oso sakonak ditu.

A.O.: Nik uste hemen nabarmenak direla mezuak.

I.U.: Komedia sistema polita da gauza serioak transmititzeko.

Zapatuan antzezlana ikusten duenak galderak jasoko ditu?

A.O: Pertsonaiaren tokian jartzen bada egingo ditu galdera horiek, bai. Egoera konkretu bati umorez erantzun diogu.

Egoera konkretua diozunean, gaur egungo egoeraz ari zara?

A.O.: Bai… gizakia sortu denetik dagoen egoera bati buruz da obra.

G.E.: Baina ez honekin bakarrik, Prest gaude-rekin, eta Greban gaude-rekin ere bai.

Krisia eta horrelako kontuak bai, edo ez?

A.O.: Gurea etengabeko krisia da. Ez ekonomikoa bakarrik, baizik eta indibiduala, pertsonala, emakume gisarakoa, exixtentziala…

Irrika berezia duzue estreinaldia Azpeitian egiteko?

A.O.: Beti egin ditugu estrenoak herrian.

G.E.: Etxean, etxeko jendearekin.

I.U.: Beti dago ardura bat: kalitatezko zerbait egitea, eta gainera disfrutatzea nahi duzu beti. Baina hemen, beti dena jende ezaguna, eta lankideak-eta begi kritikoekin etortzen dira, eta… hori ikaragarrizko presioa da. Nire seme alabek etorri behar badute, nik hori izango dut buruan! Horrekin urdurituko naiz, eta kito.

G.E.: Aurreneko aldia izango dute bere seme-alabek ikusten dutela. Baina, hala ere, estreinaldiak berak du pisua. Hemen izan edo ez bigarren mailako da.

A.O.: Erreakzioak ere orduan jakiten dituzu, jendeari gustatu zaion edo ez…

I.U.: (Olaizolari) Hik ederki esaten dunan moduan, lehenego erditzea idaztea dun, eta hau, bigarren erditzea dun.

A.O.: Eta guk oraindik ez dugu inor maldan behera bota. Greban gaude, eta Prest gaude mantentzen ditugu, eta baita Non gaude? ere. Hirurak ditugu martxan, nahi dituenaretzat.

Lakrikun Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiban sortu zen, 1994an. Orduan jende multzo dexentea zineten, orain hiru+bi gelditzen zarete. Nola izan da taldearen eboluzioa?

A.O.: Lehen taldeak bi urtean behin aurkezten zuen obra bat. Taldeko kide bakoitzak bere egoera pertsonala zuen. Une batean erlaxatu eta beste modu batera funtzionatzea erabaki genuen. Baina, presio bat, edo epe bat ez badago, erlaxatzen joaten da. Stand by batean sartu ginen. Greban gaude-n oinarrian zera dago: gizarte zerbitzuetatik Lakrikuneko emakumeei eskatu zitzaigun zergatik ez genuen egiten zerbait maiatzaren amaierako festarako, 2003an. Egin genuen, eta jendeak esan zigun jarraitzeko lan horrekin, ez gelditzeko emanaldi bakar batean. Eta begira, trilogia bat sortu dugu. Zertan egongo zen Lakrikun bide hau hartu ez bagenu? Auskalo. Proiekturik gabe zaila da aurrera egitea, eta une hartan ez zegoen proiekturik.

Aurrera begira, baduzue plan zehatzen bat?

G.E.: Une honetan, aurrera begira larunbata daukagu, estreinaldia.

A.O.: Bai bai, larunbata. Baina hortik aparte, nik uste dut herrian egin beharra dagoela antzerkigintzako planteamentu orokor bat. Gazteak badatoz, eta emakumeek emakumeen antzerki tailerra dute, baina mutilek ez. Hutsune batzuk badaude. Nolabaiteko gogoeta prozesu bat badago abian herrian, eta ikusiko dugu etorkizunean zer forma hartzen duen honek. Baina une honetan, larunbatera begira gaude.

Zer espero duzue? Greban Gaude eta prest gaudekin bezala ibilbide oparoa?

A.O.: Bai, aber, baina ez dira garairik onenak.

I.U.: Gu maila xumean ibili izan gara beti. Dekoratu txikiak, diru gutxirekin eginda, formatu txikiak… Kultur etxeetan-eta egin izan dugu. Profesionalak eta aurpegi ezaguneko jendeak, muntaia handiak egiten zituzten antzokietan-eta. Zer gertatzen da orain? Dirulaguntzak-eta murriztu direnez, kontratazioa murriztu egin dela, orduan, jende hori formatu txikiago eta merkeagoak egiten hasi dira. Beraz, orain espazio berbera dugu jende gehiagorentzat. Baina gure asmoa mugitzea da, larunbatean estreinaldia ondo egin, gozatu, eta udaletxez udaletxe ate joka hasiko gara. Aterako da zerbait!

Eta egoera honetan zer aportatzen dute Antzerki Topaketek?

A.O.: Beti egongo dira gauzak hobetzeko, baina gaizki ez ditut ikusten nik. Ezer hobeagorik proposatzen ez den bitartean, behintzat. Antzerki amateurraren presentzia handiagoa eskatu izan dugu beti, eta orain ere bai. Baina, gaizki ez daudela diot, herriari eskaintzen dielako, denboraldi batean eta oso kontzentratuta antzerki dezente. Urtean zehar banatu behar direla? Dudarik gade. Nik uste dut Kultur Mahaia eta Sanagustin ari dela horretan, eta hemendik aurrera hemen ere hala egingo dela pentsatzen dut. Gaztetxeko formatua dago, gazteak ari dira… Emakumeekin lan egiten dut, eta gazteekin ere bai, eta beraietako gehienentzat oso garrantzitsua da Soreasun aukera izatea antzerkia egiteko. Alde horretatik, herritar gisara, herriko jendeak parte hartzeko aukera izatea oso ona da niretzat. Gero, zer ekarri behar den, zer ez, nola… gogoeta egin beharko da. Baina, hau edo ezerrez? Ez. Formula bat bilatu beharko da.