'Goenkale'-ri buruzko antzezlana azaroaren 3an Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2012ko urr. 8a, 17:00

Soreasu antzokian izango da ETB1eko telesaila omentzeko emanaldia. Urriaren 19an estreinatuko dute, Elgoibarren.

Goenkale telesailak hemezortzi urte daramatza ETB1en eta, omenaldi gisa, antzerkira eramango dute Pausoka eta Glu Glu ekoiztetxeek, Jokin Oregiren zuzendaritzapean. Urriaren 19an izango da estreinaldia, Elgoibarren; bigarren saioa Azpeitian egingo dute, azaroaren 3an (zapatua), Soreasu antzokian.

"Jendea Goenkale ikustera badator, ez du Goenkale ikusiko. Goenkale-ren tonua pixka bat antzerkiratuta ikusiko du, Goenkale-n lantzen diren istorioak ikusiko ditu, maitasun istorioak, intriga... Eta gero, jakina, aktoreak, telebistan egunero ikusi dituzten pertsonaia horiek zuzenean antzezten ikusiko dituzte", esan du Oregi zuzendariak Berria-n.

Yannick Bergara, Carlos Nguema, Felix Arkarazo, Maria Cruickshank, Xabier Perurena eta Ylennia Baglietto izango dira antzezlaneko protagonistak.

Azaroaren 6an (asteartea) beste antzerkilan bat estreinatuko dute Azpeitian: Su txikian, Loiolako elkarrizketa politikoei buruzkoa. Udaletxeko ganbaran izango da emanaldia, eta hil bereko 9an, Soreasu antzokian.