Gotzon Barandiaran: "Sortzaileen elkartea sortuta euskal kulturaren etorkizunerako mugarria jarriko dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2012ko uzt. 3a, 19:40

Euskal sortzaileak kulturaren egungo egoera eta erronken inguruan aritu dira Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, I. gogoeta jardunaldietan. Elkartea sortzea erabaki dute. 'Berria.info'-k elkarrizketa egin dio topaketaren bultzatzaileetako bati: Gotzon Barandiarani.

Gotzon Barandiaran kultur eragile eta idazlea (Larrabetzu, 1974) izan da Azpeitian egin diren Euskal Sortzaileen I. Gogoeta Jardunaldien bultzatzaileetako bat. Bi egunez 30 bat sortzaile euskal kulturak dituen erronka eta gabezien inguruan aritu dira. Pozik agertu da Barandiaran.

Zein da egin duzuen balorazioa?

Oso balorazio positiboa egin dugu. Hitz egitea, elkar ezagutzea eta euskal sortzaile gisa nola sentitzen garen elkar jartzea ziren helburuak, eta proposamen interesgarriak eskuratu ditugu.

Zein da gaur egungo Euskal Herriko sortzaileen egoera?

Adierazpide askotan ari garenez, oso egoera desberdinak daude. Eta ez hori bakarrik; adierazpide bereko autoreen artean oso errealitate desberdinak daude. Hala eta guztiz ere, badira guztiok erasaten gaituzten gaitz eta gabeziak, eta horiei heldu diegu. Uste dugu gure lana ez dela behar beste baloratzen.

Hori zeinen aldetik?

Jendartearen aldetik, orokorrean. Gure lana ongizatearen iruditik atera dute eta, gure ustez, kultura ongizatearen ezinbesteko partea da, pertsona baten garapenerako beharrezkoa. Batzuk entretenimendurako mugatu nahi izan dute, batere kezka etikorik gabe.

Besterik?

Euskal kultura ez da ikusgarria, ezta euskaldunen artean ere. Euskaldunen artean euskalduna ez da gehien kontsumitzen den kultura. Transmisioa, gainera, ez dago bermatuta. Hezkuntza arautuan ez da transmititzen, ez behar beste. Merkatu ahula du, nahiz eta irakurle kopuru polita izan; gaztelaniazkoak edo ingelesezkoak itzal handia egiten diote. Baldintza txarretan ari gara, ez daukagu plazarik.

Eta nola irauli hori?

Ondorio eta proposamen batzuk atera ditugu, eta erabaki dugu elkartze prozesu bat abiatuko dugula. Azaroaren 25ean egun osoko topaketa egingo dugu eta hara eramango ditugu hedatzeko dauden aukera desberdinak. Han erabakiko dugu nola elkartu; hau da, elkarte, kooperatiba, fundazio edo dena delako gisa. Bestalde, transmisioa landu nahi dugu, batez ere hezkuntzan, eta baita ikusgarritasuna ere, komunikabideen bitartez. Kulturaren izen ona berreskuratu nahi dugu, azken batean. Euskal kulturaren etorkizunerako mugarria jarriko dugu, euskal sortzaileak bilduko dituen eragilea sortuko dugulako.

Euskal Herriko sortzaile kontzeptua darabilzue. Baina zeintzuk sartzen dira zaku horretan?

Ez dugu inolako mugarik jartzen. Euskaraz sortzen duen herritar oro, bere burua euskalduntzat duen sortzaile oro batu daiteke. Gonbita luzatzen diogu.

Beraz, deialdia egina dago.

Bai, oraingo topaketarako ere deialdia hala egin genuen. Hurrengorako zehaztu egingo ditugu helburuak eta horiek publiko egin. Ahotsenea,net-en izango da haien berri eta bertan jendeak ekarpenak egin ahal izango ditu.

Bestelako eragileren batekin elkar lanean aritzea planteatu al duzue?

Hori azaroaren 25ean erabakiko dugu, elkarte berriaren egituraren baitan.