Imanol Arregi 'Iturbide': "Ez nuen maite panderoa, eskuan ibiltzeak ere lotsa ematen zidan"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko urt. 10a, 11:00

Pandero-jole gisa da ezagun Imanol Arregi 'Iturbide' loiolatarra. Baina panderoa inoiz ez zaiola gustatu dio, "behartutako" pandero-jolea izan dela. "Ni berez, dantzaria naiz fina". Halere, trikitiak eta plazak bizipen eta bizipoz asko eman dizkiola aitortu du.

iturbide

(Kultur Mahaian bazkide egiteko idatzi lapikue@gmail.com helbidera izen-abizenak eta telefono zenbakia. Urtean 10 euro besterik ez dira)

Gipuzkoan plaza gutxi izango dira Imanol Arregi Iturbide (1935, Loiola, Azpeitia) ezagutzen ez dutenak. "Denean" ibili dela dio eta erromeria zaleek ederki estimatzen dute haren panderoaren hotsa eta, batez ere, haren umorea. "Gauza batean izan naiz ona, oso gustura egon ez arren ere, ondo nagoenaren plantak egiten. Eta hori eskertu egin didate beti!". 

Imanol Arregi 'Iturbide' izenaren ondoan zein kargu jarri behar da, 'pandero-jolea'? 

Inork ez dit sekula galdetu, baina egia esango dizut: niri beti pandero-jolea esan didate, baina behin batek esan zidan: "Hemen Loiolako lorezaina!". Hori izan da gehien gustatu izan zaidan titulua. 

Zergatik? 

Ni berez Loiolako lorezain lanetan aritzen nintzen. Are gehiago esango dizut, panderoa jotzea ez zitzaidan batere gustatzen. Beti esan izan dut, "gizonak ibili egin behar dik hor arratsalde osoan tirri eta tirri panderoa jotzen... hori duk hori aspertua!". Baina gero, hara, pandero-jole izaten amaitu dut. 

Eta nola izan zen hori? 

Gure osaba Iturbide pandero-jole ezaguna zen, SakabiAuntxa eta beste hainbatekin aritzen zena. Behin Urrestillan nengoela, taberna batera soinu jolea ekarri zuten, eta pandero jolea falta. Han nenbilen ni eta to, panderoa jarri zidaten eskuan, eta esan: "Iturbidetarra haiz eta asmatuko duk!". Eta ni sekula panderorik ukitu gabe. Hasi nintzen, eta beno, fandangoan asmatu nuen, baina arin-arina ez! Baina zer edo zer egin nuen. 

Eta orduan gogoa piztu... 

Ez ez, ordutik aurrera ere panderoari ihesi ibiltzen nintzen! Joaten nintzen batera eta bestera, eta "Hi, panderoa jo behar duk!", esaten zidaten, baina nik ezetz. Ez nuen maite panderoa, lotsa ematen zidan eskuan ibiltzea ere. Gogoratzen dut, behin nola eskatu zidan Jose Mari Iriondok Azpeitian jaialdi batean panderoa jotzeko. Maria Luisa Irastorza orduan Espainiako soinu txapeldunaren ondoan jotzeko esan zidan. Nik baldintza bat jarri nuen: "Joko diat, baina ez diat eskuan panderorik eramango. Oholtzan egon dadila panderoa". Eskuan ibiltzeak ere lotsa ematen zidan!

Baina zergatik hainbeste lotsa?

Ez dakit ba, konplexua edo nuen. Pandero-jolea nire osaba zen, ez ni! Behin hura gaixotu zenean haren tokian joan behar nuela esan zidaten, Sakabirekin batera jotzeko. Gogoratzen dut sekulako lotsa pasatu nuela. 

Eta halere pandero-jole amaitu duzu...

Nik beti esaten ditut bi esaera zahar: Ez esan inoiz ur honetatik ez dut edango etaHartzak ere dantza egiten dik diruagatik. Eskariak behin eta berriz egiten zizkidaten, eta kobratu ere, bestelako lanetatik baino gehiago kobratzen zen. Azkenean 36 urterekin erabaki nuen horretara  dedikatzea. 

Plazarik plaza ibiltzeak gauza asko erakutsiko zizkizun, halere.

Asko. Behin Bartzelonara ere joan nintzen. Disko bat grabatzera joateko gonbita egin zidaten, eta trukean aste osoko hotela ordainduko zidatela. Hala joan nintzen emaztea eta bi ume txikirekin. Han ezagutu nituen nik aurreneko ate mekanikoak eta baita eskailera mekanikoak ere. Gogoratzen dut, nola eskailera mekaniko batzuetan nindoala, goitik behera emakume baten hankak ikusten nituen. Neure artean esan nuen: "Horiek dituk horiek hanka luzeak!". Eta pasatu zenean, ondokoak esan zidan: "Ezagutu al duk hori?", eta nik: "Ez motel, hanka luze askoak zitian baina nola ezagutuko diat ba nik Bartzelonako andre bat?". "Ba hi, Ursula Andress huen!". Esan zidan. Nik zera ezagutuko nuen! 

Oholtzaren goialdean abila, baina behealdean ere asko ibilitakoa omen zara.

Beti izan naiz festa zalea, bai, eta beti dantzarako amorratzen.  Panderoa jotzetik ere askotan ihes egiten nuen dantza egiteko, eta jotzen ari izan naizenean ere, plazan jende gutxi dantzan ikusitakoan, behera jaitsi eta jendea dantzan jartzen ere abila izan naiz. Ez dago dantza egitea bezalakorik, osasunerako ere oso ondo dela irakurria dut, eta ni sinestuta nago. 

Gaur egungo erromeriatan ez da dantzarik apenas ikusten, ordea.

Tristea da benetan. Gaur egungo soinu-jole gazte asko oso onak dira, baina askotan beraien lagunek ere ez diete jarraitzen plazan. Herioa ematen dit niri horrek. Benetan. Gure garaian dena zen trikitia, eta orain berriz... hau bukatu delakoan nago ni, etorkizun tristea sumatzen diot.

Baina trikiti gabe ere festa egiten badakizula entzuna dut...

Bai bai. Sala fiestas edo tabernak, dantza egiteko denak iruditzen zaizkit balekoak! Azpeitian ere ibiltzen naiz batzutan. Behin oraingo musika horietako bat zegoen tabernan eta ni jo eta su ari nintzen dantzan, neure erara. Neska batek gerturatu eta zera esan zidan: "Hori da martxa duzuna!". Izan ere, gaur egun gizonezkoak basoa hartu eta barran egoten besterik ez dakite. 

Eta sanferminetara ere urtero joaten omen zara, furgoneta eta guzti.

58 urte nituenean erabaki nuen. Neure buruari esaten nion: "Hi hainbeste tokitan festan ibilita eta sanferminetara ez haiz inoiz joan. Hori konpondu beharko duk". Eta horrelaxe proposatu nion lagun bati. Furgoneta hartu, koltxoi zaharra bota, eta ordutik urtero joan gara mano-mano. Eta hala segitzea espero dut, festa asko gustatzen zait eta hortik ez dut erretiroa hartzeko asmorik.

Erromeria bat?

Lehen erromerian ibilitako 30-40 bat lagun biltzen gara oraindik, urtero, baserri batean. Soinua, panderoa eta dantza. Ez da besterik izaten, eta niretzat gozamena. Panderoa jo eta dantza, hantxe egiten dut nik gusturen.

Pandero maiterik? 

Ez dut bereziki bat. Are gehiago, saioa amaitu eta panderoa sarritan bota izan dut harrika. Orain gutxi Zarauzko batek esan zidan bere etxean dagoela bat. Hala bota eta haien balkoian gelditu omen zen!