Hil egiten gaituzte

Atzo goizean jaso genuen berria: gazte bat hilik aurkitu zuten bere lantegian. Hasi aurretik familiei, gertukoei zein lankideei gure doluminik zintzoenak helaraztea dagokigu. Horrelako hutsunea ezerk beteko ez duen arren, doakizuela besarkada bat Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik. Jazoera latz hauen inguruko irakurketa politikoa egin nahian idazten dugu, gertakariak duen larritasuna azpimarratu eta auziaren sustraiak azaleratzeko, hori baita gure ustez, horrelakorik berriz pasatu ez dadin eman daitekeen lehen pausoa.

Astebetez isilean mantendu den arren, berria Elkar-Ekin taldearen idatziaren bitartez jaso genuen atzo bertan: "Uztailaren 30ean, gauez, hilik aurkitu zuten lan egiten zuen lantegian. Bere buruaz beste egin zuen aurrez aparteko arazo psikologikorik izan ez zuen gazteak". 20 urte besterik ez zituen gazteak bere bizia amaitutzat eman zuen horrela, baina ez gaitzatela engainatu: hil egiten gaituzte.

Lan baldintza jasanezinekin hiltzen gaituzte, lanpostu hobeak bilatzeko norgehiagoka bultzatuz hiltzen gaituzte, istripuz edota koertzio laboralaren bitartez hiltzen gaituzte. Gure aisialdia debekatuz edo aisirako denborarik gabe utziz hiltzen gaituzte. Bizitza guztiz prekarioak bizi beharrean aurkitzen gara, existitzeko ukapenek jazarrita etorkizunaren ziurgabetasunean galtzera kondenatu nahi gaituzte.

Alderdi politiko progresistak errealitatearen gordina ezkutatzen saiatzen ari dira, horren adibide litzateke oraindik alderdi horiek txintik ez esatea, ez baitute kasu hauekin bukatzeko estrategia baliagarririk. Alabaina, nabaria da emergentzia sozial eta politiko baten murgilduta gaudela. Geroz eta masa zabalagoak proletarizatzen ari dira eta hauen babesgabetasun sozial eta politikoak triskantzak egiten darrai han-hemenka inpunitate osoz. Egitura sozial, kultural eta politikoek sumisioan, disziplinan eta obedientzian hezten gaituzte, betiere, kapital metataketaren, eta beraz baita kasu honetan bezalajabego txikiaren interesak betikotzeko. Badira zentzu honetan baldintza miserable hauek guztiak bereziki modu bortitzean bizi dituzten kolektiboak, besteak beste gazteak eta etorkinak; hala zen Luis Enrique azpeitiarra ere. Halabeharrez enpresek etekin ekonomikoen efizientzia bilatzen dute eta sektore hauen ahulezia sozial eta politikoez probesten dira bereziki gogorrak diren bizi baldintzak bortxaz egozteko.

Gizarte eredu politiko-ekonomiko miserable hau langileon izerditik eta sufrimendutik bizi da, eta proletariook hautua egin behar dugu: langileriak iraultza sozialista aukera errealtzat irudikatzeko pausoak ematen jarraitzea. Horrelakorik saihestu nahi badugu, tresna praktikoetan zein ideologikoetan sakontzen jarraitzea dagokigu. Zentzu horretan ekiteko, elkartasuna printzipio bezala lehen lerrora ekartzea eta hori antolatzea ezinbestekotzat dugu. Proletargoak lanean, kalean edo beste edozein esparrutan ikusi ohi ditugun injustizia eta zapalkuntza oro salatu behar dugu, bertan esku hartzeko baldintzak jarri eta elkar harturik horiek denak borrokatzeko.