Inor ez ahanzturan, Luis Enrique Soriano gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko abu. 7a, 10:30

Elkar-ekinek pasa den astean bere buruaz beste egin zuen dominikar gaztearen oroimena ekarri nahi izan du, ondoko gutunaren bidez.

Duela hiru urte iritsi zen Luis Enrique Azpeitira. Lanera etorri zen, beste askoren gisara. Bizitza hobe bat zuen helburu, horrelakoetan ohi den legez. Aurrez, batxilergoko ikasketak amaitu zituen Dominikar Errepublikan. Ordurako hemen zituen senideak, eta bide bera hartzea erabaki zuen gazteak. Iritsi bezain laster aurkitu zuen lana herriko lantoki txiki batean, zehazki Manuel Aizpuru S.M enpresan. Lanean hastearekin batera, bere ingurunea egiten joan zen herrian: senideekin bizi zen, lagun berriak egin zituen eta bizitzaz gozatzen saiatu zen, horretarako tarterik zuenean.

Luis Enriquek 17 urte zituen Azpeitira etorri zenean, baina hiru urte beranduago, 20 urterekin, betirako joan da gure artetik. Izan ere, uztailaren 30ean, gauez, hilik aurkitu zuten lan egiten zuen lantegian. Bere buruaz beste egin zuen aurrez aparteko arazo psikologikorik izan ez zuen gazteak.

Etorkizun hobe baten bila etorri zen Azpeitira, baina lanak erabat harrapatu zuen bere egunerokoa. Hamabi orduko lanaldiak egiten zituen, eta baziren gehiago sartzen zituen egunak. Larunbatetan ere lanera joaten zen: kontaezinak ziren astean egiten zituen lan orduak. Behartu egin zuten horretara, eta, bere egoeran, ez zuen hori egitea beste aukerarik ikusi.

Luis Enriquek hiru urtean luzatu den jazarpen egoera sufritu zuen lantegi horretan. Akatsen bat egiten zuen bakoitzean, oihu egiten zion nagusiak: umiliatu egiten zuen. CNCko makina batean egiten zuen lan, zeina ederki maneiatzen zuen. Nagusiak beste makina bat ekarri zuenean, bigarren hori ere bere gain utzi zuen. Gazteak esana zion nagusiari ezin zuela guztiaren ardura hartu, beste langileren bat hartu beharko lukeela, baina kasurik ez. Beste behin, pieza bat gaizki egin izanagatik, soldatatik 300 euro kendu zizkioten. Duela asko ez, COVID-19 gaitzak erasanda egon arren, lanera joatera behartu zuen nagusiak: gauez eta bakarrik egin behar izan zituen lanaldiak.

Sufritu zuen norainokoa erakusten duten gertaerak dira aipaturikoak. Bere buruaz beste egin zuen gauean ere, hiru urtean luzatu zen presio egoera errepikatu zen. Pieza bat gaizki atera, eta nagusiak betiko jarrera izan zuen gaztearekin. Oraingoan, ez zen etxera itzuli. Gaua aurrera joan ahala, bere ingurukoak kezkatzen hasi ziren. Luis Enriquek, ordurako, bere buruaz beste egitea erabaki zuen, hainbeste zoritxar ekarri zizkion lantegian bertan.

Jakitun gara dominikar gazteak bizi izandakoa ez dela kasu isolatu bat. Prekarietate eta jazarpen egoerak ohikoak dira herriko enpresa askotan, eta ohikoa da, aldi berean, egoera horiek okerrera egitea langileak migratzaileak direnean. Errealitate latz horiek Azpeitian (ere) gertatzen dira, eta arduradunak izan badituzte.

Gure doluminak eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu Luis Enrique Sorianoren senideei eta hurbilekoei, baita Azpeitiko dominikar komunitateari ere. Testigantza latza da familiaren eskutik jaso duguna, eta jendeak jakin behar duela pentsatzen dugu.

Hainbeste min eragiten duten injustizia egoerak gainditzeari begira lan asko dugu egiteko: bide horretan, zapalduen daude horiekiko elkartasuna antolatzea beharrezkoa dela uste dugu. Horretan dihardugu Elkar-ekinen, eta horretan jarraitu nahi dugu, gure txikian.

Herrian isilik igaro den heriotza latz hau ez dugu ahanzturan galtzen utziko. Horregatik, hitz hauen bidez, Luis Enriqueren memoria eta duintasuna aldarrikatu nahi izan ditugu. Egin genezakeen gutxiena horixe baita: isiltasuna egiarekin haustea, eta gure mina adieraztea.