Aleksandar Marcius jardunaldiko MVPa bosgarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko api. 5a, 20:11

Sammic ISBko pibotak 30eko balorazioarekin amaitu zuen Marin Peixegalego txapeldunaren aurkako partida, larunbatean.

Aleksandar Sandi Marcius denboraldiko ezusteko handienetako bat izaten ari da eta play-off-ei begira sasoi bikainean dagoela erakutsi du beste behin. Sammic-ek bigarren amaituko du fase erregularra eta, hein handi batean, Marciusek egin duen lanagatik izango da. Matematikoki txapeldunaren atzetik amaitu eta play-off-etako kanporaketa guztietan kantxa faktorea alde edukitzeko, gelditzen zitzaizkion azken bi partidetatik bat irabaztera behartuta zegoen Iker Buenoren taldea eta lehen ahaleginean, joan den larunbatean, Marin Peixegalego lehen sailkatuaren aurka lortu zuen irabaztea, Marciusek 30eko balorazioarekin amaitu zuen partidan.

Duela hiru aste lehiaketako marka guztiak apurtu zituen Sandik 62ko balorazioarekin amaitu eta gero. Oraingoan, jardunaldiko MVPa izatea lortu du beste behin, bosgarren aldiz dagoeneko denboraldi honetan. Lehen laurdenetik erakutsi zuen jardunaldikoa ez ezik denboraldiko jokalari baloratuena izatea gustatuko litzaiokeela, eta hasierako minutuetatik hartu nahi izan zuen erantzukizuna erasoan eta errebote lanean Peixeren aurkako lehian. Azkenean, kantxan eman zituen 27 minutu eskasetan, 20 puntu sartu zituen (11/7 jaurtiketetan), 17 errebote eskuratu zituen, 2 txapel jarri eta 8 falta jaso zituen, guztira 30eko balorazioarekin amaitzeko.

Marciusek Sammic ISBrekin jokatu dituen 25 partidetan 15,12 puntu sartu ditu batez beste eta bederatzigarrena da saskiratzaile nagusienen ligako rankingean; 9,36 errebote eskuratzen ditu partidako (laugarren onena lan honetan) eta erasoko errebote gehien eskuratzen dituen jokalaria ere bada (3,76 batez beste); birrintze bat baino gehiago egiten du partidako (1,04) eta laugarrena da ere ranking horretan; egundoko batez bestekoak ditu biko jaurtiketetan, ligako hirugarren onena da, jaurtitzen duen %62,56 sartzen baitu. Eta guzti horri esker, aurtengo Zilarrezko LEB ligako hirugarren jokalari baloratuena dugu, 20,56ko balorazioarekin batez beste. Gogoratu behar da, bestalde, Marciusenak direla aurtengo ligako topeak balorazioan (62), puntuetan (41) eta baita erreboteetan ere(18).

Sammic-ek denboraldia noiz amaituko duen ikusteke dago oraindik eta play-off-etan noraino iritsiko den ere bai, baina Marcius bezalako jokalariekin zergatik ez Urrezko LEB ligarekin amestu?