Lehen garaipena eskuratu du Añares Rioja ISBk Emakumeen Lehen Mailan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko mar. 3a, 10:30

Iraurgi taldearen historiara pasatu zen atzo Añares Rioja ISB. Uni Ferroli 65 eta 60 irabazita Emakumezkoen Lehen Mailan aurreneko garaipena eskuratu zuen. 

Alferrik da atzoko kronika zehatz-mehatz egitea, gaur odola bor-bor daukagu eta taldeak erakutsi zuen izaera, lana eta gozatzeko gogoarekin. 21 partida behar izan ditu Añares Rioja ISBk Emakumezkoen Lehen Mailan lehen garaipena eskuratzeko, baina iritsi denean, harmailek jokalariekin eta jokalariek harmailarekin bizitako momentua klubaren historiara pasatuko da, baita Gipuzkoako emakumezkoen saskibaloiaren historiara ere.

Partida oso estua izan zen, hasieratik amaierara, baina momentu erabakigarrietan etxeko taldeak behar zuen kolpea ematen jakin zuen. Hasieratik erakutsi zuen sekulako intentsitatea defentsan,  aurkaria deseroso izan zuen momentu oro eta faltak egin behar bazituen egin zituen. Taldea inoiz baino taldeago izan zen atzo. Jokalari bakoitzak taldeak behar zuen plusa eman zuen. Markagailuan goitik ego zirenean nahiz, krisi momentuak pasatu zituztenean… jokalariek zuten guztia eman zuten eta horrek merezitako saria eman die.

Batzuek Marina Markovicen egindako partida goraipatuko dute, eta ez da gutxiagorako. Taldearen onerako, bere zenbakiei begira baino gehiago jokatuzuen atzo, eta denboraldiko partidarik onena egiten amaitu zuen. Baina ez da serbiarra bakarrik goraipatu behar, kantxara irten diren eta aulkian animoak ematen gelditu diren jokalari bakoitza goraipatu beharra dago: Garazi, Naroa, Eider, Irati, Maite, Intza, Itsaso, Marita, Maitane, Roselis eta Marina… eta nola ez, Joseba, Aritz, Alvaro eta Gurru. Zorionak guztiei!

65 eta 60, ez da emaitza ikaragarria, partida ez da historiara pasatuko bere edertasunagatik.  Iraurgiko zaleen eta Iraurgiko familiaren bihotzean, baina, leku txiki bat hartuko du emaitza horrek. Hala ere, ez dago dena egina. Martxoan, denboraldia amaitu aurretik, beste bost partida jokatu behar ditu taldeak. Gozatzen jarraitzeko beste bost partida. Eta behin lehena eskuratuta, zergatik ez gehiago? Lehen helburua beteta, goazen bigarrena lortzera!

Saskiratzaileak: (17-13/13-17/12-13/23-17)

AÑARES RIOJA ISB: Bereziartua (4), Zubizarreta (9), Davydova (9), Roselis (12), Markovic (17) – Arregi (5), Uria, Etxeberria (2), Lizarazu (7), Astigarraga, Gurrutxaga.

STAR CENTER UNI-FERROL: Kelley (11), Suarez (6), Cabrera (6), Quevedo (12), Davis (16) – Sanchez (4), Araujo (5), Cuiña, Fernandez, Kesanen.