Jordan Semple eta Roselis Silva, asteko bostekoetan

Roselis Silva eta Jordan Semple. (ISB)

Sammic-ek eta Añares Riojak galdu arren, Espainiako Saskibaloi Federazioak Iraurgi SBko bi jokalarien neurketak goraipatu ditu.

Ez da asteburu ona izan emaitza aldetik gorengo mailako gure bi taldeentzat. Biek ala biek 9 puntuko aldeagatik galdu dituzte euren neurketak, Añares Riojak 63-72 etxean Zamarat-en kontra, eta Sammic-ek 79-70 Brico Depot Valladoliden kantxan. Hala ere, asteak utzi du berri onik. Batetik, Añares Rioja ISBk Emakumezkoen Lehen Mailan lehiakor izan daitekeela erakutsi du; bestetik, Sammic ISB Zilarrezko LEB ligan aurreneko postuetan mantentzen da, liga honetan egon daitezkeen talde sendoenetariko bat dela erakutsiz.

Bestalde, talde batean zein bestean goi mailako jokalariak daudela argi gelditu da beste behin, ligako asteko bostekoetan sartu baitituzte gure bi ordezkari. Emakumezkoen Lehen Mailako asteko bostekoan agertzen da Roselis Silva. Venezuelarra bere mailaren berri ematen ari da astero eta azken jardunaldian lortutako 21eko balorazioak, joko antolatzaile onena izendatua izatera eraman du. Silvak 16 puntu lortu zituen, 5 errebote jaso eta 6 baloi berreskuratu. Ez hori bakarrik, 1’66 metro luze izan arren, txapel bat jartzeko kapaz ere izan baitzen.

Zilarrezko LEB ligan, bestalde, Jordan Semple izan da gure ordezkarietatik protagonista. Bere 23ko balorazioak asteko hegal-pibot onena bezala izendatzera eraman du Espainiako Federazioa. Marcius partidutik kanpo egonda, amerikarra izan zen taldeko sostengu nagusia. 30 puntu sartu zituen guztira eta 13 errebote eskuratu. Zenbaki bikoitz horiei 4 txapel, 4 asistentzia eta 2 berreskuratutako baloi gehitu behar zaizkio.