Sari artean, denboraldiari agur

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko uzt. 2a, 12:25
ISBko sarituak, zapatuan.

Urtero moduan, Iraurgi SBk bazkari eder batekin agurtu zuen denboraldia zapatuan. Aurtengo denboraldia klubaren historiako onena izan da.

Urteroko legez, Iraurgi SBko familia Loiola hotelean elkartu zen joan den larunbatean, bazkari eder batekin denboraldiari agur esateko. Ausartenek, tradizioari eutsiz, bizikletarekin Oñatzera igoera egin zuten. Ondoren, kadeteetatik eta Zilarrezko LEB mailarainoko jokalariak, zuzendaritzako kideak eta entrenatzaileak mahaiaren bueltan elkartu ziren denboraldiko gorabeherak, anekdotak eta abarrak kontatzeko, eta datorren denboraldiari begira hasteko. Joan den denboraldia historikoa izan da klubarentzat, eta bazegoen zoriontzeko zergatirik.

Horrenbestez, eta ohiko moduan, historia egin duten jokalariek sariak jaso zituzten: Zilarrezko LEB ligako Sammic ISBko Brandon Garrettek; Disdira Bitxitegia ISBko Josu Urbizuk; Emakumezkoen Lehen Mailako Zurt Taberna ISBko Garazi Arregik; Lehen Probintzialeko Errotaundi ISBko Jon Larrañaga; Junior mailako Aitor Astigarragak, Eneritz Larrañagak eta Iñigo Elorzak; eta kadete mailako Ierai Aizpitartek, Larraitz Larrañagak eta Garazi Aranburuk. Entrenatzaile onenaren saria, berriz, Zurt Taberna ISBko entrenatzaile Joseba Lizarraldek eskuratu zuen, eginiko denboraldi bikainagatik. 

Zorionak guztioi, denboraldi bikain honegatik eta uda ona pasatu dezazuela. Indarberrituta etorri bueltan, aurtengo denboraldia errepikatzeko!