Eta orain zer?

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mai. 26a, 16:27

Igoeraren biharamunekoa pasata klubaren etorkizunaz pentsatzea  egokitzen da. Iraurgi SB hazten ari da, eta egungo kirol egoerak beste ikuspegi bat eskatzen du.

Zurt Taberna ISBk lortu duen bezalako kirol igoera bat lortu ondoren guztioi azaleratzen zaigu sentimendu bat: borroka egin behar da LF2an egoteagatik. Gure senior neskek izugarrizko denboraldia egin dute, ezbeharrei aurre egin eta lan eginez igoera fasea irabazten amaitu dute. Horrek izugarrizko poza sortu digu guztioi talde bezala, baina orain buruarekin pentsatzea tokatzen zaigu.

Iraurgi SBko zuzendaritza-batzordea hasi da dagoeneko lanean egoera horri irtenbidea aurkitzeko. Mutiletan Zilarrezko Adecco mailan eta nesketan Estatuko Bigarren Mailan batera egotea oso konplikatua izango da, batez ere gai ekonomikoengatik. Garai batean jendeak marka ezagutzera eramateko plataforma on bezala ikusten zuen saskibaloia, baina zoritxarrez gaur egun ez da horrela. Gaur, enpresa pribatuen laguntzaz (onenera ere) aurrekontuaren %10era iristen gara klubean, eta egoerak aldaketa handirik izango ez duela dirudi. Iraurgitik urtero saiatzen gara gauza berriak egiten saiatzen Espainiako hirugarren mailan jarraitzeko.

Arazo ekonomikoari, ordea, Gipuzkoako jokalariak lortzeko arazoa gehitzen zaio proiektuari. Gero eta jokalari gutxiago daude prest astean lau entrenamendu egiteko eta partida jokatzeko, ezer ez edo oso gutxi kobratuaz.; nahiz eta jakin Iraurgik orduan ordaintzen duela eta akordioak betetzen dituela. Ez dago gogorik. Jendeak konpromiso horiek ez ditu hartu nahi, gaur egun.

Baina Iraurgi SBko klubean nesken sekzioak beste indar bat eta beste ibilbide bat dauzka. Neska jokalarien kopurua ere bestelakoa da. Gure senior neskei Aranur ISBko juniorrak (Euskadiko txapeldunak eta Estatuko hirugarrenak), Gerdau ISBkoak (Euskadiko txapeldunak eta Espainiako txapelketa jokatzen), Iragaz ISBkoak (Euskal Liga jokatzeko eskubidea lortu du aurten probintzialetatik etorrita), Eliku ISBkoak (Gipuzkoako Txapeldunak eta Euskadiko txapelketa jokatu behar), Sarralle ISBkoak (Gipuzkoako partaidetzako txapeldunak) gehitu behar zaizkie. Horrela, kalitatezko jokalari kopuru handia dauka Iraurgi SBk etorkizunerako.

Garbi dago Iraurgi SBk nahiko jokalari (kalitatezkoak) dituela LF2an taldea lortzeko esfortzua egiteko. Hori dela eta, bilerak egiten hasiko dira Iraurgi SBkoak. Instituzio publikoek oinarrizko papera beteko dute honetan guztian, onerako eta txarrerako. Garbi dago beraiek gabe proiektu honek ez duela irtenbiderik. Gure kluba lortzen ari denari esker Azpeitia eta Azkoitia eta eskualde osoa Espainia mailako saskibaloi zale guztien ahotan dabiltza, eta hori baloratu beharreko zerbait dela uste dugu. Horrez gain, gure aldetik eskualdeko enpresa sektoreari ere laguntza eskatu nahi diogu, beraien eskutan egon baitaiteke gure jokalarien etorkizuna. Elite mailako saskibaloia ekarri nahi dugu etxera, harrobiko jokalarientzat isla izango den saskibaloia, ilusioz betetzen duen saskibaloia.

Ez dezagun ahantzi, hau guztia geure lanarekin lortu dugu.

Beraz, klubak borroka egingo du, beti egin izan duen legez. Harrobiarentzat kalitatezko urratsa eman nahi du, beraiekiko konpromisoa baitaukagu. Onenak izan daitezen eskatzen diogu, eta orain ez ditugu alde batera utziko.

Lagundu ISBri ametsak betetzen!