Ander Arruti asteko bostekoan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mar. 25a, 09:26
Ander Arruti saskira jaurtitzen. (ISB)

Sammic ISBko eskoltak 26 puntu sartu zituen Zornotzaren aurkako partidan. Hiru errebote hartuta, sei asistentzi banatuta eta bost falta jasota, 24 puntutako balorazioa lortu zuen igandean.

Sammic ISB bolada txarrean ibili da azken aldian eta bolada horrek jokalarien jokoari ere eragin die, txarrera. Pasa den asteburuan, taldeak ezin izan zuen partida irabazi eta, beraz, ez zion buelta eman egoerari. Hori bai, Sammicen jokoak hobera egin zuen eta, aspaldiko partez, saskibaloi ona ikusi genuen Azpeitiko kiroldegian. Berri horrek beste berri on bat ekarri du Azpeitira. Izan ere, beste behin, asteko bostekoan sartu du FEBk Iraurgiko kapitain Ander Arruti. Horrez gain, asteko saskiratzaile onena izan da Iraurgiko jokalaria.

Iazko denboraldi onaren ostean, taldeko kapitaina ezinbesteko jokalaria bihurtu da Iraurgin; bai kantxa barruan eta baita kantxatik kanpo ere. Zornotzaren aurkako neurketan 26 puntu sartu, 3 errebote eskuratu, 5 asistentzia banatu, 2 baloi berreskuratu eta 5 falta jaso zituen. Guztira 24 puntuko balorazioarekin amaitu zuen partida gasteiztarrak. Zenbaki horiek eraman dute asteko bostekoan sartzera, jardunaldiko joko antolatzaile onena izendatuta.

Denboraldi honetako Arrutiren batez bestekoak honakoak dira: 12 puntu, 3,4 errebote, 3,7 asistentzia, 2,9 falta jaso eta 10eko balorazioa partidako.