Ia-ia, baina ezin saria lortu

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mar. 23a, 13:15

Oso partida ona jokatu du Sammic ISBk baina, azken segundora arte aukerak izan arren, ezin izan du garaipena eskuratu etxean jokatutako derbian. Azkenean, 87 eta 90 galdu du Iker Buenoren taldeak Zornotzaren aurka. 

Beste behin, Sammic ISBren porrotaz hitz egitea egokitzen da partidaren kronika egiterakoan, baina ezin esan aurreko asteetako talde berdina ikusi dugunik oraingoan Azpeitiko kiroldegian. Iker Buenok zuzendutako taldeak aurrerapauso nabarmena eman du bere jokoan eta partida irabazteko aukera guztiak izan ditu. Azken segundoetan, ordea, zortea ez du alde izan eta azkenean 87 eta 90 galdu du Zornotza Saskibaloi Taldearen aurkako derbian. Bisitariek lehen zatian partida kontrolpean izan duten arren, Iraurgiko jokalariek bigarren zatian erreakzionatu egin dute eta benetan saskibaloi ona eginez garaipena lortzeko aukera izan dute. Hala ere, taldeak ezin izan dio bolada txarrari amaiera eman eta oraindik jaitsiera postuetatik oso gertu dago ISBko taldea.

Sammic ISBk Arrutiren hirukoarekin hasi zuen partida. Lehen minututik ondo mugitu zuen baloia etxeko taldeak eta ehuneko onekin saskiratu zuen. Ahal izan zuenean korrika egiten saiatu eta partida bere erritmora ematen ahalegindu zen. Iraurgiko taldeak, baina, defentsan izan zituen arazoak laurden horretan. Zornotzakoek asko kargatu zuten erasoko errebotea, eta Sammic ISBk ezin izan zituen gelditu aspektu horretan. Horrela, bigarren aukera asko izan zituzten bizkaitarrek eta ondo aprobetxatu zituzten saskiratzeak lortzeko. Erraztasun horiekin 30 puntu saskiratu zituen kanpoko taldeak eta ezerezean gelditu ziren etxeko taldeak sartutako 19 puntuak.

Bigarren laurdenean Sammic ISBk gehiago zaindu zuen defentsako errebotea. Oraindik arazotxoak izan zituen arren, puntualak izan ziren. Laurden horretan partzial txikiak eginez aritu ziren bi taldeak, zaila esatea nork izan zuen partidaren kontrola. Etxeko taldea apur bat gerturatzen zen markagailuan eta segituan kanpoko taldeak berriro tartea zabaltzen zuen. Defentsa aldaketak planteatu zituen Buenok, baina partidak erritmo berean jarraitu zuen. Laurden horretan, epaileek gogor zigortu zituzten talde bateko zein besteko pibotak eta hiruna faltarekin gelditu ziren Vaitiekünas, Garrett eta Borovnjak. Amaieran, 39 eta 52ko izan zen emaitza.

Aldageletatik itzuliak on egin zion etxeko taldeari. Sammic ISB partidari buelta ematera irten zen konbentzimendu osoz eta apurka-apurka tarteak laburtu zituen. 7 eta 0ko partziala egin zuen Iraurgiko taldeak lehen minutuetan eta sei puntutaraino gerturatu zen. Zornotzak, ordea, partziala apurtu eta, 0 eta 4 eginda, berriro tartetxoa zabaldu zuen. Eroa izan zen partida hurrengo minutuetan. Mayerrek bere gain hartu zuen saskiratzeko erantzukizuna (11 puntu laurden horretan) eta partidaren erritmoa kontrolatzen hasi zen. Sammic ISB hazi heinean, Zornotzari gehiago kostatu zitzaion saskiratzea, eta 12 eta 1eko partzialarekin puntu batera jarri zen Sammic ISB: 61 eta 62. Hala ere, ezin izan zuen, momentu batean ere, Buenoren taldeak markagailuan aurrea hartu laurden horretan eta amaieran 66 eta 67koa izan zen emaitza.

Emozioz beterik ekin zioten azken laurdenari Azpeitiko kiroldegian. Zornotzak hirukoa sartuta hasi zuen laurdena, baina kikildu gabe, Arrutik beste batekin erantzun zuen. Hurrengo jokaldian, lehen aldiz, aurretik jarri zen Sammic ISB partidan. Hala ere, hurrengo erasoetan abantailak aldatzen joan ziren. Bowmanek 5 puntu jarraian sartu eta Zornotzaren alde 4 puntuko aldea zabaldu zuen. Baina, Sammic ISBk berriz berdindu zuen partida eta, minutu eta hamasei segundoren faltan, 83na zegoen markagailua. 26 segundo falta zirenean, ordea, erasoko falta bat adierazi zioten Iraurgiko taldeari eta Zornotzakoek izan zuten baloia. Horiek, hirukoa asmatu zuten eta, bost segundoren faltan, bi puntu atzetik zeuden Iraurgikoak. Azkenean, hiru segundoren faltan, bi jaurtiketa libre izan zituen etxeko taldeak partida berdintzeko, baina ez zituen saskiratu eta, azkenean, 87 eta 90 galdu zuen. Azkenean, emozioa, saskibaloi ona, baina porrota izan genuen Azpeitiko kiroldegian. 

Iker Buenok azaldu duenez, "uste dut bi zati desberdin ikusi ditugula. Lehenengoan intentsitate gutxiko defentsarekin aritu gara eta beraiek erraztasun handiz lortu dituzte saskiratzeak eta errebotean asko zigortu gaituzte. Atsedenaldian gure jaurtiketa bikoitzak zeuzkaten eginda. Bigarren zatian, berriz, taldeak erreakzionatu egin du. Azkeneko asteetan gure aldetik ikusi dugun saskibaloirik onena egin dugu, bai defentsan eta baita erasoan ere. Jendeak aurrerapausoa eman du. Beraiei esan diedan moduan, esan dezaket azken 20 minutuetan gozatu egin dudala egin duten saskibaloiarekin. Pena, saria ez dugula jaso. Gaur irabazi bagenu taldearentzat moralki aurrerapauso handia izango zen. Orain azken 20 minutu horiei jarraipena eman behar diegu, defentsako errebotean eta baloi galduetan hobetu behar dugu, baina saskibaloi onari jarraipena eman behar diogu. Ezin dugu laurden txarrik izan, 40 minutuetan jokatu behar dugu horrela. Azpimarratu nahi dut, hemen gelditu diren jokalari guztiek gaur erakutsi dutela klubaren kamiseta benetan sentitzen dutela eta borrokatzeko gogoz daudela. Hori oso garrantzitsua da gaur gauden egoeran".

MVP: Ander Arruti: 26 puntu sartuta, 6 asistentzia banatuta, bi baloi berreskuratuta eta bost falta jasota. Guztira, 24 puntuko balorazioa.

Saskiratzaileak: 19-30/20-22/27-15/21-23.

SAMMIC ISB: Arruti (26), Mayer (18), Guridi (7), Peltier (11), Garrett (8), -hasierako bostekoan- Oroz(14), Zubizarreta, Iradier, Vaitiekünas (3), Camarasa, Astigarraga, Merketegi.

ZORNOTZA SASKIBALOI TALDEA: Borovnjak (13), Salazar (9), Carreto (2), Bowman (24), Cruz (12), -hasierako bostekoan- Estalayo, Quero (7), Mendia (7), Andreas (9), Garcia (6), Kalanj (1).