Borrokatutako partiduetan ere ez da beti irabazten

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko abe. 1a, 14:03

80 eta 96 galdu du Sammic ISBk Amics Castello taldearen aurka. Nahiz eta partidu ona eta serioa egin, Iker Buenoren taldeak hirugarren laurdenean jasotako partzialaren ondorioz hirugarren porrota jasan du. 

Sammic ISB taldeak 9. jardunaldian denboraldiko hirugarren porrota jasan du Azpeitiko kiroldegian. Amics Castello talde indartsuaren aurka jokatu du eta nahiz eta, partidu ona egin duen 80 eta 96 galtzen amaitu du. Azken laurdeneko istilu batzuen ondorioz lortu du kanpoko taldeak 16 puntuko abantaila, baina, hirugarren laurdeneko partzialak eraman du etxeko taldea porrotera. Hala ere, ondo borrokatutako partidua izan da eta Iker Bueno entrenatzailearen hitzetan "taldeak zeukan dena eman du eta ez dago ezer gehiago eskatzerik".

Ondo hasi du partidua Sammic ISBk. Defentsa sendoa ezarri du hasieratik taldeak eta erasoa azkar antolatzen zuen Camarasak. Hiruko bat sartu du Castellonek eta 4 eta 5ekoa ezarri du, baina segituan etxeko taldeak defentsa gehiago estutu eta 8 eta 0ko partziala eskuratu du. Partiduko erritmoa Iraurgiren eskuetan egon da minutu horietan, eta kanpoko taldeak ezin izan du ideiarik aurkitu erasotzerako orduan. Ten Lopez entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du gauzak aldatzeko, eta bere taldeak erreakzionatuz 0 eta 5eko partziala egin du. Hortik aurrera, partzial txikiak lortuaz ibili dira bi taldeak eta laurden amaierara 17 eta 13koarekin iritsi dira markagailuan.

Bigarren laurdena zentratuago hasi dute Castellonekoek. Hiruko batekin hasi dute laurdena eta jarraian kirolez aurkako falta bat adierazi die epaileek Urtxulutegiri. Horrela, partidua berdindu du kanpoko taldeak. Hala ere, Iraurgikoek erreakzionatu egin dute eta berriro, lau puntuko abantaila irekin dute. Hortik aurrera, bi taldeek partzial txikiak egiten jarraitu dute. Laurden honetan bi taldeetako inork ez du izan partiduaren kontrola eta biak ala biak asmatzeak eta akatsak txandakatuz ibili dira. Azken minutuetan Orozek bi baloi garrantzitsu lapurtu ditu eta Zubizarretaren saskiratze bati esker atsedenaldira 40 eta 37koarekin iritsi dira.

Aldageletatik bueltan antzera aurrekoaren antzera hasi dute etxekoek. Hala ere, errebotea ixteko garaian gogortasun apur bat galdu du taldeak eta Castellonek bigarren aukerak aprobetxatu ditu saskiratzeak lortzeko. Gainera, epaileek asko kastigatu dituzte jokalariak faltekin eta Orozek eta Uclesek kantxatik irten behar izan dute hirugarren falta eginda. Lehen minutuetan 5 eta 14ko partziala egin du kanpoko taldeak eta partiduari buelta eman dio (45 eta 51 6:50 minutu falta zirela). Sammic ISBk beste ahalegin bat egin du eta markagailuan apur bat gerturatu da, baina Faner antolatzaileak bi baloi lapurtu eta bi kontraerasotan 5 puntu sartu eta desberdintasuna 9 puntutaraino zabaldu du. Hortik aurrera, aurreko laurdenean bezala partzialeka aritu dira bi taldeak eta azkenean 61 eta 68koarekin iritsi dira azken laurdenera.

Azken laurden horretan, bi taldeei kosta egin zaie saskiratzea lehen minutuetan. Sammicekoek ez dute punturik lortu bi minutu pasa diren arte. Hala ere, kanpoko taldeak ez du aprobetxatu eta ez du abantailarik ireki. Partidua amaitzeko 6 minutu eta 48 segundu gelditzen zirela 67 eta 72 zioen markagailuak eta guztia erabakitzeko. Baina, kanpoko taldeak abantaila horrekin jokatzen jakin du eta hiruko marratik tarte horiek handitu ere egin ditu. 5 minutu falta zirenean partidua amaitzeko 69 eta 79 atzetik zen etxeko taldea eta Iker Bueno hutsartea eskatu du. Itzuleran, defentsa aldaketa bat egin du aurkaria ataskatuta uzteko asmoz baina hauek beste hiruko batekin erantzun die. Abantaila horiekin aritu dira beste bi minutuetan eta partidua amaitzeko hiru minutu gelditzen zirela iritsi da iskanbila Azpeitira. Epaileen erabaki batekin gustura ez eta asko haserretu da etxeko entrenatzailea eta epaileak partidutik bota du. Hortik aurrera kaosa izan da Azpeitiko kantxan eta kanpoko taldeak abantailak handitzeko aprobetxatu du. Azkenean 80 eta 96 amaitu da partidua.

MVP: Brandon Garrett. 19 puntu, 12 errebote, 2 tapoi eta 5 falta jasota. Guztira 32 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 17-13/23-24/21-31/19-28.

SAMMIC ISB: Arruti (11), Ucles (20), Caramasa (2), Oroz (9), Garrett (19) – hasierako bostekoan –Ugarabe (1), Zubizarreta (8), Iradier, Urtxulutegi, Mendoza (4), Mayer (6).

AMICS CASTELLO: Bortolussi (19), Faner (6), Fernandez, Rodriguez (7), Wasburn (18) – hasierako bostekoan – Cabot (15), Hidalgo (17), Garcia (14), Garcia Tellez, Marzo.