Gelditu gabe aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko aza. 3a, 12:39

77 eta 65 irabazita bosgarren garaipena eskuratu zuen atzo Sammic ISBk. Gainera, Aitor Astigarraga eta Beñat Aldalur azpeitiarrek egin zuten debuta lehen taldearekin.

Sammic ISB taldeak bosgarren garaipena eskuratu zuen atzo, igandea, Xuven Cambados Galiziako taldearen aurka. Jada ohiko bihurtzen ari zaigu astelehenero Iker Bueno eta bere taldea zoriontzea, denboraldia hasi denetik ez baitute partidurik galdu. Atzo, partidu hasieratik hartu zion aurre Iraurgi SBk Cambadosi, eta neurketa osoan tarte hori mantentzeko gaitasuna izan zuen, 77 eta 65 irabaziaz. Gainera, oraindik porrota ez ezagutzeaz gain, bi azpeitiar gaztek, Aitor Astigarrak eta Beñat Aldalurrek, izan zuten Zilarrezko Adecco mailan lehen minutuak jokatzeko aukera. Horrez gain, taldeko Xabier Oroz azkoitiarrak Espainiako goreneko mailan, ACBn, debutatu zuen Gipuzkoa Basket taldearekin Unicajaren aurka. 8 minutu eta 50 segundo jokatu zituen Iraurgiko gazteak, eta oso lan ona egin zuen.

Hasiera ezin hobea eman zion Sammic ISBk partiduari. Defentsan oso sendo hasi ziren eta erasoan korrika egin eta baloia ongi mugituz ibili ziren. Saskiaren azpian oso sendoak ziren pibot galiziarrak, baina hala ere, gureek ondo aurkitzen zituzten hutsuneak jaurtiketa onak lortzeko. Kanpo osoko presioa egin zuen Xuven Cambados taldeak baina hor ere ondo moldatu ziren Iraurgikoak. Laurdena amaitzeko segundo bat baino gutxiago gelditzen zenean, gainera, Rigoberto Mendoza jokalari berriak saskiratzea lortu zuen eta 22 eta 13 irabazten amaitu zuen laurdena Sammic ISBk.

Bigarren laurdena izan zen etxeko taldeak galdu zuen laurden bakarra. Partiduko erritmoa oraindik gureen eskuetan zegoen arren, hasieran, apur bat gehiago kostatu zitzaien saskiratzeak lortzea. Hala ere, jokaldi ikusgarriak izan ziren zati hartan. Mate onak, tapoi izugarriak, eta abar. ikusi ahal izan genituen laurden horretan, bi taldeen aldetik. Azkenean, laurdena zazpi puntuko abantailarekin amaitu zuen etxeko taldeak: 39 eta 32.

Aldageletatik itzuleran, apur bat hotz hasi ziren Iraurgi SBkoak. Lehenengo bi minutuetan 2 eta 6ko partziala izan zuten aurka eta lau puntutara gerturatu ziren galiziarrak. Hala ere, segituan etorri zen Sammic ISBren erreakzioa eta Ander Arrutiren bi hirukori esker lasaitasuna iritsi zitzaion berriz taldeari. Hortik aurrera, kanasta truke bat izan zen kantxa gainean, baina beti ere Samicek partiduko erritmoa kontrolatuz. Laurden amaieran, 55 eta 44.

Azken laurdena zonakako defentsan egin zuen Xuven Cambadosek eta Buenoren taldeak baloia ondo mugitu zuen arren, hainbatetan kosta egin zitzaien saskiratzeak lortzea. Hala ere, Arrutik eta Fede Uclesek, bi jokaldi jarraitutan, hirukoa saskiratu zuten eta partidua bide onetik eraman zuten. Laurden horretan, erabakigarriak izan ziren azken bi horiek, Arrutik 8 puntu eskuratuta (21 puntu partidu osoan) eta Uclesek 9 puntu sartuta laurdenean, lasaitasunez irabazi zuten azpeitiarrek. Behin partidua kontrolatuta zeukatenean, Beñat Aldalur eta Aitor Astigarraga gazteek izan zuten aukera maila horretan debutatzeko. Azkenean, 77 eta 65 irabazi zuen Sammic ISBk.

Denboraldi hasiera zoragarria egiten ari da Sammic ISB. Taldeko joko ona eginez eta partiduz partidu lana gogor eginez ari dira lortzen hori guztia. Horrez gain, oso pozgarria da Iraurgi SB klubarentzat etxeko jokalariak lehen taldearekin debutatzen ikustea. Eta nola ez, Iraurgi SBko Xabier Oroz telebistatik ACB mailan jokatzen ikustea. Zorionak guztioi eta jarraitu horrelaxe lanean!

Iker Bueno entrenatzailearen dioenez, "40 minutuan kontrolatu dugu partida": "Defentsan orain arteko partidurik onenetarikoa jokatu dugu bai agresibitate aldetik eta baita errebotea ixteko orduan. Hasieratik gure erritmoa jarri diogu partiduari, kontraerasoak eginez, saskiratze errazak eskuratuz, eta defentsan bagenekien Taylor Garcia gelditzea oso garrantzitsua izango zela eta horrelaxe egin dugu. Eta garrantzitsuena, nire iritziz, atera dugun tartetxoarekin jokatzen jakin dugula partidu osoan zehar lanean jarraituz. Ekipo osoak erantzun du eta bakoitzak bere eginbeharrak ondo bete ditu. Eskertzekoa da baita afizioak eman digun beroa momentu zailetan".

MVP: Charles Nkaloulou. 19 puntu, 8 errebote, bi tapoi eta bi falta jasota 22ko balorazioa.

Saskiratzaileak: 22-13/ 17-19/ 16-12/ 22-21.

SAMMIC ISB: Arruti (21), Garrett (11), Caramasa (4), Mayer (12), Iradier (3) – hasierako bostekoan – Ucles (11), Mendoza (6), Ugarabe (7), Aldalur, Urtxulutegi (2), Merketegi, Astigarraga.

XUVEN CAMBADOS: Orellano, Nkaloulou (19), Garcia (9), Gorm (1), Green(2) – hasierako bostekoan - Nakidjim, Whitworth (8), Vaquero (4), Rodriguez (13),Oubiña, Quintela (9).