Xabier Chico: "Ziur nago, beste urteetan bezala, talde lehiakor bat egingo dugula"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko ira. 3a, 14:18
Xabier Chico ISBko bigarren entrenatzailea.

Xabier Chico (Urretxu, 1969) izango da ISB taldeko bigarren entrenatzailea. Urte asko Goierri Kirol Elkareko seniorrak entrenatzen aritu ondoren, "Ikerri (entrenatzailea) eta taldeari laguntzeko prest" datorrela esan du.

Nolakoa izan da hona iritsi arte egin duzun entrenatzaile ibilbidea?

Betidanik Goierrin aritu naiz entrenatzaile eta beti mutilak entrenatu izan ditut: infantilak, kadeteak, juniorrak… Baina, batez ere, seniorrak. Urte gehienak lehenengo nazional mailan aritu izan naiz, eta 2012-13 denboraldian EBA mailan. Urte hartan kategoria galdu genuen eta klubean aldaketa batzuk egitea pentsatu genuen. Junior neskek entrenatzailea behar zuten eta ni jarri nintzen. Mutiletatik nesketara pasatzea aldaketa handia izan zen, baina ondo eraman nuen.

Eta, nola hartu duzu Iraurgi SBko aulkian Iker Buenori laguntzeko berria?

Duela hilabete inguru Xubi-k deitu zidan, eta apur bat hitz egin ondoren, bilera bat egin genuen. Komentatu zidan, iaz Ikerri laguntzen Joseba Ibargutxi ibili zela eta aurten ez duela jarraituko. Bigarren entrenatzaile bat behar zutela esan zidan eta ea ni prest nengoen. Nik familia eta lana dela eta, pentsatu egin behar izan nuen, baina azkenean baiezkoa eman nuen.

Aldaketa handia dago junior nesketatik zilarrezko LEB mailara. Nola ikusten duzu zeure burua erronka berriaren aurrean?

Zilarrezko LEB mailan ez daukat esperientziarik. Urtean hiru edo lau aldiz etorri naiz Azpeitira partidaren bat ikustera, baina… Nazionalean esperientzia dezente daukat eta EBA ligan apur bat, baina LEB mailan batere ez. Beraz, ikusiko dugu. Bestalde, bizitza osoan lehenengo entrenatzaile bezala aritu naiz eta ez dakit nola ikusiko dudan neure burua bigarrengo bezala. Hala ere, ziur nago ondo ibiliko naizela. Prest nago Ikerri eta taldeari laguntzeko.

Nola ikusten duzu Azpeitia Azkoitia ISB taldea?

Momentu hauetan taldea egiteko dago. Zortzi-bederatzi izen badaude, baina oraindik taldea osatu gabe dago. Hala ere, ziur nago, beste urteetan bezala, talde lehiakor bat egingo dugula, eta ikusiko dugu denboraldiak non uzten gaituen.

Aurten Iker Buenorekin partekatuko duzu aulkia. Lehenagotik ezagutzen al zenuten elkar?

Bai. Hemen, Gipuzkoako saskibaloian, gehienok ezagutzen dugu elkar. Iker bistaz ezagutzen nuen, eta noiz edo noiz hitz egin izan dugu. Baina, horrez gain, oso gutxi.

Zer moduzkoa izan da lehenengo hartu emana?

Ona! Ez dut uste arazorik izango dugunik…

Astelehenean izan zenuten lehenengo entrenamendua. Zer nolako sentsazioak izan zenituen?

Astelehenean taldeko lau jokalari genituen eta lehenengo nazional mailako jokalariak etorri ziren laguntzera. Hala ere, lehenengo entrenamendua izateko oso ondo joan zen.

Hainbat urte daramatzazu kadete mailako Euskal Selekzioan entrenatzaile lanetan. Nolako maila datorkigu belaunaldi gazteetan?

Azkeneko lau urteetan izan naiz kadete mutilen Euskal Selekzioko entrenatzaile eta belaunaldi hobeak eta txarragoak ezagutu ditut. Oro har, jokalari onak daudela uste dut, azken lau urteetan beti lehenengo lau postuetan amaitu baitugu Espainiako Txapelketa.

Nola ikusten duzu Iraurgi SB kluba?

Nire iritziz, azken urteetan Gipuzkoa mailan erreferentzi bihurtu da Iraurgi SB. Talde bat zilarrezko LEB mailan dauka, nazional mailako taldeak finala galdu zuen EBAra igotzeko lauko finalean, senior neskak ere nazional mailako lauko finalean izan ziren, gazteetan ere talde guztiak Euskal Ligan sartuta daude… Gauzak oso ondo egiten ari diren seinale da hori.

Gauza bat galdegin ahal izango bazenio 2014-2015 denboraldiari, zer eskatuko zenioke?

Ikerri laguntzeko modua edukitzea, niri dagokidanez, eta taldeak mailari eustea edo play off-etan sartzea eta iazkoa hobetzen lortzen badu, askoz hobeto!