Assalit, Oroz eta Astigarraga Espainiako selekzioaren aurre-deialdian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 4a, 12:21

Iraurgi SBko hiru jokalariak deitu dituzte 20, 18 eta 16 urtez azpiko Espainiako selekzioko hautatzaileek Europako Txapelketa jokatzeko aurre-deialdirako.

Aste honetan Espainiako Saskibaloi Federazioak Udan jokatuko diren Europako Txapelketa ezberdinetarako aurre-selekzioak eman ditu jakitera, eta bertan Iraurgi SBko hiru jokalari egongo dira: Xavier Assalit, Xabier Oroz eta Aitor Astigarraga.

Xavi Assalit kataluniarra aurten iritsi da zilarrezko LEB ligako taldera GBCk utzita eta litekeena da uztailaren 8tik 20ra Grezian jokatuko den 20 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartu ahal izatea. Kataluniarrak Brontzea lortu zuen 18 urtez azpiko txapelketan eta gainontzeko 19 selekzio-kideak ondo ezagutzen ditu. Aurten GBCrekin debuta egin du Endesa Ligan eta Txapelketa honetan parte hartu ahal izatea, denboraldia borobiltzeko modu bikaina izango litzateke berarentzat. Baina Iraurgi SBko harrobian egiten den lan onaren adierazgarri garbiena Xabi Oroz eta Aitor Astigarraga dira.

Eskolta azkoitiarrak egundoko aurrerapausoa eman du denboraldi honetan. Junior mailan, Lehen mailako taldean eta Zilarrezko LEB ligako taldeetan jokatzeaz gain, GBCrekin ere maiz entrenatu du denboraldian zehar. Iraurgi SBko harrobiko harribitxietako bat denik ezin uka eta hobetzen jarraitzeko bidea badauka ere, etorkizuneko jokalaria errealitate bihurtzen hasia dago. Orozek ez dauka Selekzioan lekua ziurtatua baina Jota Cuspineirak 20ko zerrendan sartu izana dagoeneko bada albiste. Orain ikusi egin beharko da Aste Santuetan jokatuko den Mannheim-eko (Alemania) Txapelketan parte hartzeko deitzen duten. Polita litzateke Oroz Munduko Txapelketa ez ofizial honetan ikustea, Turkian uztaila eta abuztuan jokatuko den Europako txapelketan ikusteko lehen pausua balitzateke.

Eta Oroz harribitxia baldin bada, ez da atzean gelditzen Aitor Astigarraga. Grupo Zaher ISBko hegal-pibotarentzat ez da lehen aldia izango Espainiako Selekzioko behe mailetan parte hartzen duena. Jaurtiketa aparta duen jokalaria, bere posiziorako azkarra da eta bere ezaugarriak ondo ezagutzen ditu Roberto Gonzalez hautatzaileak. Valladolideko entrenatzaile ohiak 20 jokalarien aurre-zerrendan sartu du behintzat azpeitiar gaztea eta honek gogor borrokatu beharko du Letonian abuztuaren 20tik 30ra jokatuko den Europako Txapelketan egon ahal izateko.