Iraurgi SB Zilarrezko LEB ligari agur esateko zorian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko uzt. 3a, 15:35
Iraurgik jokatutako partida bateko argazkia.

Urola bailarak bizi duen egoera larria tarteko, eta babesleak lortzeko zailtasunari instituzioetatik jasotako laguntzetan izandako murrizketak gehituta, azken denboraldietan jokatutako lehiaketari agur esatera behartuta dago Iraurgi SB. Klubak ez du beste aukerarik eduki.

Iraurgi SB Zilarrezko LEB Ligari agur esateko zorian dago, estatuko hirugarren mailan azken hiru urteetan lehiatzen ibili eta lehiakor agertu arren. Lehenengo urtean justu-justu mantentzea lortu ostean, azken bi urteetan Urrezko LEB ligara igotzeko play-offak jokatu ditu. Baina, klubak ere gertutik bizi ditu Urola bailarako arazo ekonomikoak, eta babesleak lortzeko zailtasunari instituzioetatik jasotako laguntzetan izandako murrizketak gehituta, azken denboraldietan jokatutako lehiaketari agur esatera behartuta dago Iraurgi SB.

Aste hau da Zilarrezko LEB ligan izena eman ahal izateko azkena, eta nahiz eta klubaren lehen asmoa lehiaketa horretan izena ematea den, gaur egun ezin die aurre egin Espainiako Saskibaloi Federazioak eskatzen dituen diru bermeei ez eta horrelako maila batean jokatzeak ekartzen dituen kostuei. Beraz, hurrengo hamar egunetan babesle garrantzitsu bat topatu ezean, maila gorenean jokatzen jarraitzeko ametsari agur esan beharko dio.

Gogorra da agur esatea. Izan ere, Iraurgi SBk 2004-05 denboraldian EBA Ligara igoera lortu zuenetik irabazi diren sari guztiak alde batera uztea dakar horrek. Urtero-urtero klubeko lehen taldeak emaitzak hobetu ditu, estatuko bigarren mailara igotzeko play-offak jokatu arte. Modu horretan, Gipuzkoako bigarren eta Euskadiko laugarren talde garrantzitsuena bihurtuz.

Ezin da ahaztu Iraurgi SB harrobia lantzen duen kluba dela, eta bertan 300 neska-mutiletik gorak duten onena ematen dutela astebururo. Horren adibide garbia da hainbat jokalarik jantzi dituela, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako selekzioetako elastikoa eta Euskadi mailan harrobiko talde desberdinek irabazi dituzten tituluak.

Euskal liga jokatzen duten lau talde daude, Espainiako Txapelketak jokatu dituzten taldeak ere bai eta teknifikazio mailan neska zein mutilek saskibaloia ezagutzen hasteko aukera bikaina izaten dute hamar talde baino gehiagotan. Baina, harrobiko lan guzti hori zaildu egiten da haurrek erreferente bat bilatzen ez baldin badute. Azken urteetan, harrobiko 25 taldeek saskibaloi munduan euren bidea zabaldu nahi duten gipuzkoar gazteen artean bizitzeko aukera eduki dute, eta saskibaloian erreferenteak ondo-ondoan izan dituzte. Zilarrezko LEB ligari agur esateak harrobi sendo honek sortzen duen izebergaren punta goitik behera txikitzea esan nahi du.

Klubak Gipuzkoako saskibaloiak hazten jarrai dezan borrokan segituko du, baina tamalez ezin izango du borrokatu estatuko lehen mailako lehiaketan jokatuko duen talde batekin.