Itzuli berria, bolada txarrari agur esateko

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko urt. 4a, 12:17

Azpeitia Azkoitia ISBk igandean jokatuko du Grupo Eulen Carrefour “El Bulevar” de Ávilaren aurka 18:00tan bigarren itzuliko lehen neurketa.

 

Argazkia> Prensa Obila
Argazkia> Prensa Obila

Zilarrezko LEB. Urte bukaerarekin batera lehen itzuliko azken neurketa jokatu zen bezala, urte hasierarekin, Zilarrezko Adecco ligako bigarren itzuliko lehen jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Azpeitia Azkoitia ISBk Grupo Eulen Carrefour “El Bulevar” de Ávila hartuko du igandean, errege egunez, arratsaldeko 18:00tan Azpeitiko Kiroldegian eta noski, 2012a bukatu zuena baino askoz hobeto hasi nahi du 2013a Iurgi Caminosek zuzentzen duen taldeak. Izan ere, lehen txanpa bikaina egin eta gero, bere esku izan zuen lehen itzulia aurreneko bi postuetako baten amaitu eta Kopa jokatzeko txartela. Baina, azken hilabetean hiru neurketa galdu eta gero (bi derbyak etxean eta Kanaria Handiaren aurkakoa irletan) horretarako aukerarik gabe gelditu zen, seigarren postuan sailkatzen bukatzeraino.

Abenduan lortutako garaipen bakarra, bitxia bada ere, igandean izango duen aurkari berdinaren kontra lortu zuen. Denboraldiko neurketarik luzeenean, urrian hasi eta abenduan amaitu zena, 72 eta 83 irabazten amaitu zuten gipuzkoarrek. Eta nahiz eta duela gutxi amaitu neurketa hori, ez du askorako balioko igandekoa prestatzerako orduan. Ez jokalariak berdinak ez direlako, baizik eta egun baten hasi eta beste baten amaitzen den neurketa batetik ondorioak ateratzea ez delako bat ere erraza. Behintzat Iurgi Caminosenek zein jokalari zaindu beharko duten gertutik argi izango dute. Agian jokalari garrantzitsuena Moussa Diagne pibot senegaldarra da. Bera da jokalari baloratuena eta eraginkorrena eta gaztea bada ere, Endesa Ligako Fuenlabradarekin egiten dituen entrenamenduetan asko ikasi du, etorkizuneko jokalari izatetik errealitate bihurtzeko bidean dago eta dagoeneko. Hala ere, kanpoko jokoan erreferentzia Riley Luettgerodt eskolta amerikarra da. Bera da taldeko saskiratzaile nagusia, neurketako 17 puntutik gora sartuta, eta joaneko neurketan ere Azpeitia Azkoitia ISBri puntu gehien sartu zion jokalaria. Saskiratzeak lortzeko duen abilezia aprobetxatuta, zelaia asko zabaltzen du eta bere taldekideei min egiteko aukera ematen die modu horretara.

Avilakoak gipuzkoarren antzera, denboraldi hasiera bikaina izan zuten, baina lehen itzuliaren erdialdetik ona, beherakada nabarmenean daudela dirudi. Aurtenecheren aurka galdu zutenetik partidu bakarra izan dira irabazteko gai Armando Gomezenak eta sailkapenaren erdian daude 5 garaipen eta 5 porrotekin. Beraz, bi taldeak ere antzera, biek ere garaipen eta porrot berdinak baitituzte eta biek ere beherakada nabarmena izan baitute azken asteetan. Goraka hasteko partidua da igandekoa.

Jarraian Iurgi Caminosek partiduaren aurretik adierazitakoak:

- 2013a iritsi da dagoeneko eta berarekin batera bigarren itzuliko lehen jardunaldia. Oporrak ondo etorri al dira eta nola dago taldea?

“Oporrak motzak izan dira, aurreko astetik lanean sendo baitabil taldea igandeko partidua ahalik eta hobeen prestatzeko asmoz. Nahiz eta ezuste fisiko batzuk izan ditugun, guztiak jokatzeko moduan daude eta lana ere ondo egin ahal izan dugu.”

- Kopan sartzeko aukera zuen eskuan izatetik, lehen itzulia seigarren amaitzera pasa zineten. Zaleekin zorretan zaudetenaren sentipena al duzue?

“Garaipen gehiago lor genitzakeela uste dugu eta detaile txiki batzuek utzi gaituztela beraiek gabe. Kopa sari polita izango zen, baina ezin dugu pentsa helburua izan behar zuenik. Benetan garrantzitsuena, bigarren itzuliaren amaieran ahalik eta goren egotea da. Etxean jokatu ditugun azken bi partiduetan garaipena ihes egiten utzi eta gero, badakigu zorretan gaudela, beti hor egon direlako eta klub honetarako behar-beharrezkoak baitira.”

- Ez da asko pasa Obilaren aurkako neurketa, denboraldiko neurketarik luzeena, irabazten amaitu zenutenetik. Igandeko neurketak partidu horrekin zer ikusirik izan dezake?

“Ez dut uste zer ikusirik izango dutenik. Haiek 13 minutu besterik ez ziren izan eta denbora horretan ezer gutxi egiteko aukera izaten duzu. Orain partidu oso bat jokatu beharra daukagu eta aldizkatze askoz ere gehiago egongo dira. Orain dena zerotik hasten da.”

-Luettgerodt da Avilakoen saskiratzaile nagusia, baita zuei puntu gehien sartu zizkizuena, baina agian Moussa Diagne da orain bertan beraien jokalarik onena? 

“Diagné gora dator denboraldia aurrera joan ahala, baina baita Pablo Fernadez edota taldeko beste jokalari batzuk ere, Hala ere, Luettgerodt da beraien erreferentzia, baloi asko pasatzen dira bere eskuetatik eta asmatzen hasten denean bere taldea oso eroso sentitzen da, espazio handiagoekin, eta modu horretara De Pintok edo Diagne berak ere min egiteko aprobetxatzen dute.”