Agerraldi jendetsua eginda aurkeztu du Sarek maiatzaren 22ko Sare Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2021ko mai. 12a, 09:49

Joan zen ostiralean Izarraizko Atea parkean elkartu ginen Sare Eguna aurkezteko. Bertan izan ziren herriko presoen senideak nahiz 2001etik gaurdainoko Elkartasun Egunak eta Sare Egunak antolatzen aritu diren eta egun horien baitako egitasmoetan parte hartu duten azpeitiar ugari. Blokeo egoera apurtu eta mugimenduak ematen hasi diren garai hauetan, herri mobilizazioak indartzearen garrantzia azpimarratu nahi du Azpeitiko Sarek

Iaz, osasun egoera zela eta, ezin izan genuen Sare Eguna antolatu, eta aurtengoan, bizi dugun egoerara moldatu behar izan dugu egitaraua. Maiatzaren 22ko egitasmo nagusia eguerdian izango da; hain zuzen ere, Elkartasun Adierazpena egingo da, 12:30ean hasita, plazan, eta hara bertaratzeko deia egin nahi diegu azpeitiar guztiei.

Horrez gain, Alde Zaharreko kaleetan erakusketa kronologikoa eta interaktiboa egongo da ikusgai asteburu guztian zehar. Elkartasun Egunak edo Sare Egunak izandako bilakaera erakutsiko da erakusketarekin; zehazki, edizio zaharretako argazkiak nahiz bideoak ikusi ahal izango dira. Plazan materiala saltzeko postua ere egongo da, 12:00etatik 14:30era.

Pow eta Gotzon etxera ekartzeko, #izanbidea.