Sare Eguna izango da maiatzaren 22an, osasun egoerara moldatutako egitarauarekin

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2021ko api. 27a, 09:55
2018ko Sare Eguneko polka erraldoiko irudia.

Iaz, osasun egoera zela-eta ezin izan genuen Sare Eguna antolatu, eta aurtengoan, bizi dugun egoerara moldatu behar izan dugu. Maiatzaren 22ko ekimen nagusia eguerdian izango da; Elkartasun Adierazpena egingo da, 12:30ean, plazan. Horrez gain, Alde Zaharreko kaleetan erakusketa kronologikoa eta interaktiboa egongo da ikusgai asteburu guztian.

Gainean dugu maiatza, eta berarekin dator Azpeitian itzal handia izan duen Sare Eguna edo Elkartasun Eguna. 2001az geroztik, zita hori garrantzitsua izan da presoen, iheslarien nahiz deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko. Milaka izan dira modu batean edo bestean egun horretako ekimenetan parte hartu duten azpeitiarrak: krosean, herri kiroletan, sokamuturrean, txarangan nahiz kontzetuetan, manifestazio jendetsuetan, paella txapelketan eta herri bazkarian, polka nahiz flashmob-a dantzatzen, umeen gunean, pailazoekin eta magoekin irri eginez...

Iaz, osasun egoera zela-eta ezin izan genuen Sare Eguna antolatu, eta aurtengoan, bizi dugun egoerara moldatu behar izan dugu. Maiatzaren 22ko ekimen nagusia eguerdian izango da; Elkartasun Adierazpena egingo da, 12:30ean, plazan. Horrez gain, Alde Zaharreko kaleetan erakusketa kronologikoa eta interaktiboa egongo da ikusgai asteburu guztian zehar. Elkartasun Egunak edo Sare Egunak izandako bilakaera erakutsiko da erakusketak; edizio zaharretako argazkiak nahiz bideoak ikusi ahalko dira. Plazan materiala saltzeko postua ere egongo da, 12:00etatik 14:30era.

Azpeitiko Sarek lanean jarraitzen du presorik, iheslaririk nahiz deportaturik gabeko herria lortzeko. Urratsak egiten ari gara, eta lorpen batzuk ere iritsi dira: Gotzon Aranburu joan zen astean Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera ekarri zuten. Bigarren gradua ere eskuratu du, 2002an espetxeratu zutenetik bizi baldintza gogorrak ezartzen dituen lehen graduan 19 urte pasatu eta gero. Blokeo egoera apurtzea lortu da, eta horri balioa eman behar zaio, baina ezin dugu ahaztu oraindik urrats asko daudela egiteko. Izan ere, Gotzon Palentziara lekualdatzea eta ez Euskal Herriratzea ez dugu ulertzen, horrek Azpeititik 274 kilometrora urrunduta egotea suposatzen duelako oraindik.

Azpeitiko Sarek presoak etxera itzultzeko bide hori garatzen jarraituko du; adostasun politiko eta sindikalaren aktibazioa, sozietate zibilarekin batera, helburua lortzeko modu bakarra bidea elkarren ondoan egitea baita. Bat egiten dugulako helburuetan: urruntze-politika desagertzea eta presoak eta erbesteratuak Euskal Herrira itzultzea, eta gradu-progresioa aplikatzea, salbuespenik gabe. Hau da, egunero-egunero presoen eta haien senideen eskubideak urratzen dituen salbuespen-erregimena desagerraraztea.

Gogoratu, gainera, beste bi deialdi ditugula datozen egunetan:

  • Ostirala, apirilak 30. Azken ostiraleko elkarretaratzea, 19:00etan plazan.
  • Maiatzak 8, zapatua. Xoxote eta Erlora igoera, 09:00etan plazatik abiatuta. 11:00etan, argazkia Erlon, eta 11:30ean, ekitaldia Xoxoten.