Hasiera bikaina eman dio Elektrotxuflak Euskal Herriko III. Elektrotxaranga Lehiaketari

Intza Trula 2024ko mai. 5a, 11:00

Lehenengo edizioko irabazlea izan zen Elektrotxufla taldeak Euskal Herriko III. Elektrotxaranga Lehiaketaren lehen emanaldia eskaini zuen atzo arratsaldean. Bi orduz doinu dantzagarriak jo zituen taldeak, Perez Arregitik hasi eta plazaraino.

Giro ezin hobean ekin zioten atzo Euskal Herriko III. Elektrotxaranga Lehiaketari Azpeitian, lehenengo edizioko irabazlea izan zen Elektrotxufla taldearen emanaldiarekin. 20:00ak baino zertxobait beranduago hasi zen emanaldia Perez Arregi plazan, eta handik Erdikalean gora igo ziren, plazara iritsi arte. Bi orduz doinu dantzagarriak jo zituen taldeak, bertaratu ziren guztien artean giro bikaina sortuz.

Datorren hiru larunbatetan izango du jarraipena lehiaketak: bina elektrotxaranga ariko dira kaleak musikaz alaitzen. Maiatzaren 11n, Game of Txarangaren eta Hamarruren txanda izango da; maiatzaren 18an, Patxangoi eta Elektrokela ariko dira eta maiatzaren 25ean Xaukena eta Ostikada. Beste urteetan bezala, bi txandatan ariko dira elektrotxarangak: 19:00etan hasiko da lehen taldea eta 20:30ean bigarrena.