Sansebastianak 2024

Herriko bandera jaitsita, isildu dira danbor hotsak

Nerea Uranga 2024ko urt. 21a, 10:12

Gauerdian jaitsi dute udal ordezkariek herriko bandera udaletxean, danborradan parte hartu duten zazpi taldeetako danbor jotzaileen eta Azpeitiko Musika Bandaren doinuek lagunduta.

Giro bikainean egin zuten atzo, San Sebastian egunez, bandera jaitsierako danborrada. Bezperako danborradako jendearen laurdenik ere ez zen izan atzo gauekoan, baina festarako gogorik ez zuten falta danbor jotzaileek.

23:15ean irten zuten bandera jaitsierako danborradan parte hartu zuten zazpi taldeetako kideek Olazko Andre Mariaren plazatik. Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak eta Barratsu taldeen txanda izan zen aurtengoan, eta Basazabal ere batu zitzaien festara.

Alde Zaharreko kaleetan ibilbidea egin ondoren, gauerdirako plazan bilduta zeuden talde guztiak, eta Azpeitiko Musika Bandak zuzenean jo zituen sansebastianetako piezak. Kanpaiek hamabiak jo orduko, jaitsi zuen herriko bandera Nagore Alkorta alkateak, EH Bilduko zinegotziek lagunduta. Hala,  isildu dira Azpeitian sansebastianetako doinuak datorren urtera arte.

Danborradak bukatu badira ere, sansebastianetako egitarauaren barruan, gaur arratsaldean, 16:30etik 20:00etara, sokamuturra izango da, Bergarako Zezenak ganadutegiarekin, eta 16:30ean, Wonka filmaren zine emanaldia izango da Soreasu antzokian.