Sansebastianak 2024

Bihotzak eta festa bero San Sebastian bezperan

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 20a, 02:07

Irudi ikusgarriak eta une hunkigarriak utzi ditu beste behin Azpeitiko helduen danborradak. Asteburuaren sarreran, ikusle asko elkartu da kaleetan. Lehen aldiz, bi gizonek kantinera tokia hartu dute helduen danborradan, Arrantzaleak taldean; eta Gazako egoera lazgarria salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko tartea ere izan da, bandera igo aurretik.

Aurten sansebastianak hotzetik joango zirela zioen eguraldiaren iragarpenak, eta bai, hotz handia egin du Azpeitian San Sebastian bezperan. Baina bihotzak eta festa bero egon dira, bai helduen danborradan parte hartu duten 1.500dik gora herritarren artean, bai horien ikuskizunaz gozatzera kaleetan elkartu direnen artean; asteburuaren hasierarekin bat egin du aurten urtarrilaren 19ak eta antzeman da hori, ikusle ugari elkartu baita danborradaren ibilbidean zehar.

Irudi ikusgarriak eta une hunkigarriak utzi ditu beste behin Azpeitiko helduen danborradak, bereziki parrokiako geldialdian eta plazako bukaerakoan; tartean, araz teknikoak ere izan dira, argia joan baita une batean, baina horrek ere ez du zapuztu festa. Nobedade aipagarri bat ere izan da gaurko desfilean: lehen aldiz, bi gizonek kantinera tokia hartu dute helduen danborradan, Arrantzaleak taldean, emakumeen parte hartzean aitzindari izan zen talde berean, alegia. Banderaduna ere gizona izan da gaur Arrantzaleak taldean.

Plazan, gauerdiko kanpaien eta bandera igoeraren aurretik, Palestina ekarri dute gogora, Gazako egoera lazgarria salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko hitzekin.

San Sebastian eguna ate joka

Helduen danbor hotsek estreinatu dituzte beste behin sansebastianak, baina danbor festak ez du etenik izango San Sebastian eguna bukatu arte. Goizean dianarekin hasi, umeen danborradarekin jarraitu eta bandera jaistearekin bukatuko da urtarrilaren 20ko egitaraua, beste osagai batzuk ahaztu gabe.

Hau da San Sebastian eguneko jai egitaraua:

  • 09:00. Goiz eresia herriko kaleetan, Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolakoekin.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeek, Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako Txilibatuak taldeak kalejira egingo dute.
  • 10:15. Udalbatza kalejiran joango da parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
  • 10:45. Meza nagusia, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian meza nagusia. Olazko Amari meza Parrokiako abesbatza, Azketa Ahots taldea eta Julian Barrenetxea abesbatzek abestuta, Javier Alberdik zuzenduta.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan. Ganadutegia: Lopene.
  • 12:30. Haurren danborrada eta karroza, Aranetik eta Artzubiatik irtenda. Aurtengo karrozaren gaia: Trikitia. Karrozaren egilea: Aitor Exposito Ibarmia.
  • 16:30. Sokamuturra, kaleetan zehar. Ganadutegia: Lopene.
  • 18:00. Hodei Magoaren Sentsazioak 2.0 ikuskizuna. Soreasu antzokian. Sarrera: 3 euro.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Buztintzuriko Errebaletik abiatuta. Ibilbidea: Olazko Andre Mariaren Plaza, Goiko kalea, Donejakue kalea, Elizkalea, Enparan kalea, Erdikalea eta plaza.
  • 00:00. Bandera jaistea Udal Musika Bandaren, eta helduen danborradako zazpi talderekin: Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi saskibaloia, Mendizaleak, Barratsu eta Basazabal.