Sansebastianak 2024

Festarako osagai guztiak pronto

Intza Trula eta Aitziber Arzallus 2024ko urt. 19a, 18:22

Helduen danborradarekin hasiko dira aurtengo sansebastianak, 22:00ak puntuan, baina prestaketekin orduak daramatzate batzuek. Soziedadeetan eta ile apaindegietan buru-belarri aritu dira arratsalde guztian, eta plaza apaintzen ere orduak sartu dituzte zenbaitzuk.

Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta aurtengo sansebastianei hasiera emateko, eta dagoeneko jai giroa nabaria da herrian. Soziedadeetan afaria prestatzeko lanetan buru-belarri ari dira, batzuetan elkarteetako kideak eurak, besteetan catering zerbitzuetako langileak, gainontzekoak poteoan dabiltzan bitartean. Ile apaindegietan ere egun mugitua izan dute gaurkoa; kantinerak eta banderadunak apain-apain jartzen aritu dira arratsalde guztian, eta dagoeneko prest dira haietako gehienak. Eta herriko plaza, urtero bezala, era guztietako aldarrikapenen zelai bihurtu da dagoeneko.

Aurki, 19:00ak bueltan, joango da bakoitza bere txokora afaltzera, 22:00etarako danborrak eta barrikak soinean, talde bakoitzak dagokion lekuan fin egon beharko baitu. Orduan hasiko da igande iluntzera arte luzatuko den festa.