Sansebastianak 2024

Ikastetxeetan urratuko dute danbor festarako bidea

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 19a, 08:43

Karmelo Etxegaraiko banderadunak, LHkoen iazko danborradan. (Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai)

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Iraurgi Ikastetxean egingo dituzte aurten ere San Sebastian bezperako lehen danborradak. Arratsaldean dituzte hitzorduak hiruetan, eta B planak prestatuta ere bai, eguraldia txarra bada.

Aurten ere San Sebastian bezperako Azpeitiko lehen danbor hotsak herriko ikastetxeetan entzungo dira. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Iraurgi Ikastetxean festa izango da nagusi gaur arratsaldean.

Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzakoena izango da ikasleen danborrada goiztiarrena. 15:45ean hasiko dute festa, baina Euskal Herria kaleko eraikineko jolastokiko lanak direla eta, ez dute han egingo; auzoko etxeetako plazatxoan egingo dute, ateri bada behintzat. Lehen Hezkuntzako ikasleen danborrada, Perdillegiko eraikinean, 16:15ean hasiko da. Euria bada, Haur Hezkuntzakoek ikastetxe barruko jolastokian eta Lehen Hezkuntzakoek eskolako frontoian egingo dituzte danborradak; kasu horretan, ikuslerik gabe egingo lukete festa batean zein bestean, edukierarekin arazoak saihesteko.

Ikasberrin ere Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek egingo dute danborrada arratsaldean jolastokian –frontoian, euria bada–, 16:00etan hasita. Iraurgin, berriz, 16:15ean hasiko da ikasleenn danborrada, Betharram eraikineko jolastokian.