Sansebastianak 2024

Azpeitiarrak plaza betetzeko prest

Erredakzioa 2024ko urt. 19a, 11:30

Iazko danborradaren une bat.

Aurten ere 1.500 herritar baino gehiago elkartuko ditu San Sebastian bezperako helduen danborradak. Dena pronto dute dagoeneko. Gaur, San Sebastian bezperaz, 22:00etan aterako dira helduen danborradako 30 taldeak Olazko Andre Mariaren plazaren aurretik.

Azpeitiarrak dagoeneko gogotsu daude sansebastianak ospatzeko. Haien urteko festarik kutunenak iritsi dira, eta dena prest dago herrian 24 orduko festaz gozatzeko. Danborrak eta barrikak ozen joko dituzte azpeitiarrek, urteko aurreneko festa handia behar bezala ospatzeko. Festa giroa eta danbor hotsak nagusituko dira Azpeitian gaur eta bihar.

San Sebastian bezperako festa eguerdian hasiko da: ile apaindegietan izango dira 22:00etako helduen danborren desfilean aterako diren kantinerak eta banderadunak; soziedadeetan afariak prestatzen emango dituzte  danborrada hasi aurreko orduak; eta soinu teknikariak-eta Perez Arregi plazatxoan pantaila erraldoia muntatzen eta kaleko megafoniaren soinu probak egiten arituko dira.

22:00ak iristearekin batera, Azpeitiko kaleak herritarrez beteko dira helduen danborradaz gozatzeko. Desfilea Olazko Andre Mariaren plazaren ondotik abiatuko da, eta parte hartuko duten 30 taldeak honako hurrenkera honetan ibiliko dira kalez kale Alde Zaharrean: Oñatzbideko gastadoreak, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe, Oilo-Soro eta Irrintzi. Guztira, 1.500 herritar baino gehiagok parte hartuko dute.

Goikokalen eta plazan behera, Done Jakue kaletik iritsiko dira taldeak parrokiara eta Perez Arregi plazara, eta bi toki horietan kokatuta joko dute aurreneko aldiz San Sebastian martxa. Gaueko lehen geldialdiaren ondotik, Elizkalea eta Enparan kalea pasatu eta Perez Arregitik Erdikalean gora igoko dira plazaraino. Talde guztiak plazan direla eta gauerdiko kanpaiekin batera igoko dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian.

Honako hauek dira taldeek parrokia atarian eta Perez Arregi plazan egingo duten geldialdiko kokapenen mapa:

 

Honako hau, berriz, gauerdirako taldeak plazan kokatuko diren moduaren mapa:

 

UKTk zuzenean

San Sebastian bezperako helduen danborradaren zuzeneko emankizuna egingo dute Urolako Komunikazio Taldeko hedabide diren Uztarria Gukak webgunean –uztarria.eus– eta Erlo Guka telebistak. Saioa 21:30 aldera hasiko da, eta Nerea Arakistain eta Iñaki Odriozola kazetariek gidatuko dute. Bi aurkezleekin hizketan izango da hainbat gonbidatu berezi; besteak beste, zuzeneko saioan parte hartuko dute Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Danborrada zuzenean jarraitzeaz gain, erreportajeak ikusteko aukera izango dute ikusleek. 00:30ean amaituko da zuzeneko saioa.

Erlazionatuak

Festarik gustukoenak

Martxial Elorza (Ardozaleak elkarteko kidea) urt 19 Azpeitia

Mutrikuar bat danborradan

Idoia Eguren Landa (Etxera taldeko kidea) urt 19 Azpeitia