Onditz Esnaolak eta Jurgi Errandoneak irabazi dute Gazteen XXII. Dantza Suelto Txapelketa

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 22a, 09:45

Guztira, hamar bikotek parte hartu zuten San Tomas egunez jokatutako sariketan. Lizartzako eta Andoaingo bikoteak lortu zuen lehen saria bigarren urtez jarraian; bigarren sailkatu ziren Lezoko Enara Artola eta Mikel Esnaola eta hirugarren June Izagirre eta Jare Labaka azpeitiarrak. 

San Tomas eguneko egitarauaren barruan, Azpeitiko Gazteen XXII. Dantza Suelto Txapelketa jokatu zuten atzo arratsaldean Soreasu antzokian. Guztira, hamar bikote aritu ziren oholtzan, eta iaz bezala, Lizartzako Onditz Esnaolarentzat eta Andoaingo Jurgi Errandonearentzat izan ziren irabazleen zapia eta txapela. 16 urtez azpiko hamar bikoteek fandango eta arin-arin bana dantzatu zituzten, Izarraitz txistulari elkartearen eta Oskar eta Aitziber Estanga trikitilarien doinuekin.

Lezoko Enara Artola eta Mikel Esnaola sailkatu ziren bigarren, eta June Izagirre eta Jare Labaka dantzari azpeitiarrak hirugarren. Laugarren postua eskuratu zuten Nora Davila zizurkildarrak eta Julen Lertxundi asteasuarrak. Bosgarren sailkatuak azpeitiarrak izan ziren. Hain zuzen, Alaitz Elorzak eta Aner Elorzak eskuratu zuten bosgarren postua. Seigarren saria ere etxean gelditu zen, eta Hegoa Aizpuru eta Izaro Arandia azpeitiarrek eraman zuten.  12 urtez azpikoetan, berriz, Irati Arangurenek eta Beñat Mendizabalek jaso zuten saria.

Azpeitiko Dantza Suelto eskolako ikasleek eskerrak eman zizkieten Luix Alberdi Beltzari. Txapelketaren antolatzailea, Azpeitiko Dantza Suelto Eskolaren sortzailea eta arduraduna ere bada Alberdi. 

Erlazionatuak

San Tomas egunak utzitakoak, bideoan

Urtzi Oteiza - Maialen Etxaniz 2023 abe 21 Azpeitia