Eguraldiak ez du zapuztu San Tomas eguneko festa

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 21a, 14:30

Ateri eutsi dio, eta jende ugari atera da kalera baserritar jantziak soinean, jaiaz gozatzeko gogoz. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak, azoka, herri kirolak, musika eskolakoen kalejira, Gaztetxeko sagardo orga, Itsasiko ttuntturroak, erraldoiak eta buruhandiak, eta musika bandaren kalejira ez dira falta izan gaurkoan, ezta talo eta txistor postuak ere; aurten, sei jarri dituzte. Eguerdian motorrak berotuta, arratsaldean jarraituko du jaiak.

Eguraldiaren iragarpenek euria egitea aurreikusten zuten arren, ateri eutsi dio, eta euriak ez du zapuztu San Tomas eguneko festa. Adin guztietako herritarrak atera dira kalera eguerditik, baserritar jantziak soinean, jaiaz gozatzera. Urteroko hitzorduek ez dute hutsik egin, eta festa giro ederra sortu da plazan zein Alde Zaharreko kaleetan. 

Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalena izan da eguneko lehen hitzordua. 10:00etan hasi dituzte norgehiagokak Izarraitz pilotalekuan, eta mailaz maila, hainbat partida jokatu dituzte pilotari gaztetxoek. Aurrebenjaminetan, Xuban Lekuona eta Jakes Agirrezabalaga elkarren aurka aritu dira (13-16). Benjaminetan, berriz, bi final jokatu dituzte; banaka, Luka Aizarnak eta Enaitz Saizarrek elkarren kontra jokatu dute (9-16), eta binaka, Xabat Goenagak eta Izar Bengoetxeak Oihan Urangaren eta Amets Albisturren kontra jokatu dute (16-14). Kimuen mailan ere bi partida jokatu dituzte pilotariek; banaka, Kaiet Aizarnak Marko Agirrezabalen kontra jokatu du (14-16); binaka, Aitor Eraso eta Paul Egiguren Iker Galarragaren eta Adei Lizarralderen aurka aritu dira (16-11). Infantiletan, azkenik, buruz burukoa jokatu dute Unax Larrramendik eta Hodei Clavijok, eta Larramendi 16-10 nagusitu da markagailuan. 

Goiz eta eguerdi partean, musika eta kalejirak izan dira protagonista; izan ere, Izarraitz txistulari taldea, Udal Musika Banda, Eltziegoko gaiteroak, Juan Antxieta musika eskolako soinu jotzaileak, Itsasiko ttuntturroak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak eta erraldoiak nahiz buruhandiak ibili dira kalez kale. Gaztetxeko kideek ere ez dute hutsik egin, eta urtero bezala, sagardoz betetako orga atera dute kalera, trikitilari eta panderojoleek lagunduta. Jan-edanerako aukera ere izan da. Ekoizleek postuak jarri dituzte Azoka Plazan, eta aurten, sei jan-edanerako postu jarri dituzte: herriko hiru ikastetxeenak eta Etxerarena, Baigera elkartearena eta Itsasi dantza taldearena.

Gainera, usadioari jarraituz, herri kirol erakustaldiak eta bertsolarien emanaldiak hartu dute plaza. Aizkolarien eta harri jasotzaileen jaialdian, Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aizkolariak eta Udane Ostolaza, Goenatxo III.a eta Urra harri jasotzaileak aritu dira nor baino nor. Juanjo Sagastibeltza aritu da gidari. Bertso emanaldian, berriz, Julio Soto, Ekiñe Zapiain, Aratz Igartzabal eta Haira Aizpurua aritu dira kantuan, Xebastian Lizasok jarritako gaiei erantzunez. 

Arratsaldean jarraituko du jaiak. Musika emanaldiak izango dira kalean, eta Gazteen XXII. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa Soreasun. 16:00etatik 22:00etara Davila eta Asier Hernandez DJak arituko dira musika jartzen, plazako kioskoan. 18:30ean hasiko da Gazteen XXII. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa, Soreasu antzokian.