Hasi dituzte Madalena auzoan berdegunea eraikitzeko lanak

Ihintza Elustondo 2023ko urr. 14a, 09:00
Madalena ermitaren atzealdean eraikiko dute berdegunea. (Ihintza Elustondo)

Ermitaren atzealdeko sasiak kentzen aritu dira egunotan, eta udalak adierazi duenez, makinekin lanean hasiko dira laster. Gune horretan, udal jabetzakoak diren landa lurrak berroneratu, bertako baso landareak ugaltzeko eremu bat egituratu eta gizartearen sentsibilizazioa sustatuko duen leku bat atondu nahi du erakundeak.

Azpeitiko Udalak maiatzean jakinarazi zuen Madalena ermitaren atzealdean berdegune bat eraikiko zuela, eta orain gutxi hasi dituzte ermitaren atzealdeko maldako lur publikoa berreskuratzeko lanak. Hango sasiak kentzen aritu dira egunotan, eta udalak adierazi duenez, makinekin lanean hasiko dira laster. Gune horretan, udal jabetzakoak diren landa lurrak berroneratu, bertako baso landareak ugaltzeko eremu bat egituratu eta gizartearen sentsibilizazioa sustatuko duen leku bat atondu nahi du erakundeak.

Bi helburu uztartzen ditu proiektuak. Alde batetik, udalak eremu hori berreskuratzeko asmoa zuen; bestetik, Urola Bizirik natur taldeak bertako landare espezieak landatu eta sentsibilizaziorako gune bat sortzeko nahia azaldu zion herri erakundeari. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu zion proiektua, eta onartu egin zuen foru erakundeak, 48.023,20 euroko aurrekontuarekin. Orain, aldundiari dagokio lanak exekutatzea.

Udalak jakinarazi duenez, Madalena auzoa eraberritzeko asmoz, azken hilabeteotan, baselizaren inguruko hainbat etxebizitza bloke eskuratu eta eraitsi dituzte, baita ingurua eraberritu ere.

Hainbat lan

Eremu horretan hainbat lan egitea aurreikusten du udalak: "Lurren lehengoratzea azkartzeko, bertako zuhaixkak landatuko dira; Izarraitz kontserbazio bereziko amortiguazio eremuan bertako flora egitura berroneratuko da; auzo baratzeen kultur paisaia berreskuratzeko lanak egingo dira; hariztiaren segida indartzeko landaketak egingo dira eta horren hedapena sustatuko da; azalera iragazgarria eta ahalik eta bigunena sortuko da; bertako zuhaixken museo bizi eta bisitagarria egingo da; klima aldaketarekiko eta balio naturalen babesarekiko gizarte kontzientzia indartzea ahalbidetuko da eta baso natural eremuak birsortzeko landare mintegia indartuko da".

Sasiak kentzen aritu dira egunotan Madalenako ermitaren inguruan. (I. E.)