Madalenan berdegune berri bat eraikiko dutela jakinarazi du udalak

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 12a, 11:36
Madalenako berdegunea nola geldituko litzatekeen ikusteko udalak egin duen irudia. (Azpeitiko Udala)

Gipuzkoako Foru Aldundiak 48.000 euroko aurrekontua onartu du udalak aurkeztutako proiektua egin ahal izateko, eta orain aldundiari dagokio lanak gauzatzea.

Madalena auzoan berdegune bat eraikitzeko proiektu baten berri eman du Azpeitiko Udalak. Azken hilabeteotan baselizaren inguruko hainbat etxebizitza bloke eskuratu eta eraitsi ditu erakundeak, eta baita ingurua eraberritzeko hainbat lan egin ere. Gaur aurkeztu duen proiektua lan horiei segida ematera etorriko litzateke. 

Hain zuzen ere, ermitaren atzealdeko maldako lur publikoa berreskuratzeko proiektua sustatu du udalak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 48.023,20 euroko aurrekontua onartu du proiektu hori gauzatu ahal izateko. Udalak jakitera eman duenez, berak proiektua aurkeztu du, eta behin proiektua eta aurrekontua onartuta, orain aldundiari dagokio lanak exekutatzea.

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Madalenan gauzatuko duten proiektuak bi eragileren asmoak uztartuko ditu. Batetik, udalak berak eremu hori berreskuratzeko zuen asmoa; eta bestetik, Urola Bizirikek egindako eskaera bat; izan ere, natur taldeak gune horretan "bertako landare espezieak landatzeko eta sentsibilizaziorako gune bat sortzeko asmoa azaldu zion udalari".

Udalaren esanetan, "baso egiturak sustatzeko paisaia proiektu holistiko bat garatzean datza asmoak, eta helburu nagusia da udal jabetzakoak diren landa lurrak berroneratzea, bertako baso landareak ugaltzeko eremu bat egituratzeko eta gizartearen sentsibilizazioa sustatuko duen leku gisa antolatzeko".

Horretarako, eremu horretan hainbat lan egitea aurreikusten du udalak: "Lurren lehengoratzea azkartzeko, bertako zuhaixkak landatuko dira; Izarraitz kontserbazio bereziko amortiguazio eremuan bertako flora egitura berroneratuko da; auzo baratzeen kultur paisaia berreskuratzeko lanak egingo dira; hariztiaren segida indartzeko landaketak egingo dira eta horren hedapena sustatuko da; azalera iragazgarria eta ahalik eta bigunena sortuko da; bertako zuhaixken museo bizi eta bisitagarria egingo da; klima aldaketarekiko eta balio naturalen babesarekiko gizarte kontzientzia indartzea ahalbidetuko da eta baso natural eremuak birsortzeko landare mintegia indartuko da".